Itxi

Beste kirolak

Jardunaldi baten faltan

Jon Rahmek positibo eman du covid-19an, Memorial torneoan lider zegoela

A. A. | EITB MEDIA

Barrikako golf-jokalariak txapelketa utzi behar izan du lider zegoela, 64 kolpeko jardunaldi ikusgarria gauzatu ostean.

  • Jon Rahm, txapelketan zehar

    Jon Rahm, txapelketan zehar. Argazkia: EFE

Jon Rahm golf-jokalari bizkaitarrak positibo eman du covid-19an asteburu honetan jokatzen ari zen The Memorial torneoko lider zegoela, larunbateko jardunaldian ikaragarrizko erakustaldia eman ostean. Ondorioz, txapelketa utzi behar izan du, etsita.

Barrikakoak 18 kolpe zituen erdietsita parraren azpitik, eta igandeko azken jardunaldia bigarren tokian zeuden bi jokalariei, Collin Morikawa eta Patrick Cantlay estatubatuarrei, sei kolpeko aldea ateratzen ziela ekin behar zion. Egunean zehar, besteak beste, bigarren jardunaldiari zegokion 16. zuloan Hole in one bat gauzatu du, alegia, kolpe bakarra eman da sartu du pilota banderaren zuloan, bere ibilbideko hirugarrena.

Alabaina, larunbateko jarduna behin amaituta (64 kolpe, 8 parraren azpitik), txapelketako arduradunek kutsatuta zegoela jakinarazi diote Rahmi, eta lehiatzeari utzi behar izan dio.

PGA Tourrak atera duen oharraren arabera, Rahmi astelehenean jakinarazi zioten positibo eman zuen pertsona batek kontaktu estua zela. Egoera mota horietarako Tourraren osasun-arauen arabera, Barrikakoari txapelketan jarraitzeko aukera eman zitzaion, baina etengabeko kontrolak egitekotan. Hala, egunero testak egin dizkiote, eta guztietan emaitza negatiboa izan da, eta jokalaria asintomatiko agertu da uneoro.

Aitzitik, torneoko hirugarren jardunaldia hasi orduko egindako probak positibo eman du. Ordurako Rahm lehiatzen zegoen, eta txapelketako medikuak baieztapen proba bat egitea eskatu, hark ere emaitza bera agertu du.

Horrenbestez, emaitzaren berri eman diote jardunaldia bukatu ostean, eta protokoloen arabera, bakanduta egon beharko du ekainaren 15era arte.

PGAk "egoera sinestezina eta zoritxarrekoa" deitoratu du, eta gogorarazi du pandemiak eragindako geldialdiaren ostean golfa itzuli zenetik lau positibo baino ez dituztela antzeman, tartean Rahmena.