Itxi

Beste kirolak

Olinpiar Jokoak

Zilarra lortu du Maialen Chourrautek

EITB Media

Olinpiar Jokoetan lortu duen hirugarren domina da, 2012an Londresen brontzea eta 2016an Rion urrea lortu ostean.

1:48
Maialen Chourraut. Argazkia: EFE

106,63 segundoko denborarekin, Maialen Chourraut gipuzkoarrak (Lasarte-Oria, 1983) zilarrezko domina eskuratu du gaur Tokion, 2020ko Olinpiar Jokoetako eslalomeko finalean.

Euskal piraguistak finaleko bigarren denborarik onena lortu du, Ricarda Funk alemaniarraren atzetik (105,5).

Unean uneko emaitzarik onena lortu ondoren, lasartearrak aurkarien emaitzen zain egon behar izan du podiumerako aukerarik ba ote zuen jakiteko. Kimberley Woods britainiarrak, Luuka Jones orain arteko txapeldunorde olinpikoak eta Stefanie Horn italiarrak ez dute Chourraut podiumeko maila gorenetik jaitsarazi, baina bai, ordea, Ricarda Funk alemaniarrak. Hala ere, Eliska Mintalova eslovakiarraren jaitsiera txarrak zuzenean eman dio domina euskaldunari; gainera, Jessica Fox australiarraren bi akatsek zilarra bermatu diote gipuzkoarrari.

Horrela, Chourrautek bere hirugarren domina lortu du Olinpiar Jokoetan, 2012an Londresen brontzea eta 2016an Rion urrea lortu ondoren.

Honako hauek izan dira eslalomeko finalaren emaitzak:

1. Ricarda FUNK (DEU) 105.50

2. Maialen CHOURRAUT (EUS) 106.63

3. Jessica FOX (AUS) 106.73

4. Stefanie HORN (ITA) 106.93

5. Klaudia ZWOLINSKA (POL) 108.98

6. Luuka JONES (NZL)  110.67

7. Martina WEGMAN (NLD) 111.33

8. Viktoriia US (UKR) 111.85

9. Eliska MINTALOVA (SVK) 158.36

10. Kimberley WOODS (GBR) 177.09

Finaleko Podiuma: Maialen Chorraut (2), Ricarda Funk (1) eta Jessica Fox (3)

Finaleko podiuma: Maialen Chourraut (2), Ricarda Funk (1) eta Jessica Fox (3)