Itxi

Beste kirolak

Tokio 2020

Olinpiar diplomarekin esan die agur Jokoei 'Chefo' Basterra belar hockeyko jokalari bizkaitarrak

EITB MEDIA

Espainiak Belgika munduko txapeldunaren aurka galdu du final-laurdenetan, 1-3.

1:40
Jose

"Chefo" Basterraren taldeak final-laurdenetan esan die agur Tokioko Olinpiar Jokoei. Espainiak ez du amore eman Belgikaren kontra, baina, azkenean, ezin izan du lortu finalerdietarako txartela.

Bi porrot, garaipen bat eta bi berdinketa izan ondoren, "Chefo" Basterraren taldeak final-laurdenetarako txartela lortu zuen, Australiaren aurka 1-1 bukatu zuen, eta gaur ere sano sufritu du Belgikaren aurkako partidan. David Alegrek 26. minutuan sartutako golak aurretik jarri ditu Fred Soyeden gizonak, baina Hendrickxek eta Tom Alain Boomek 38, 41 eta 57. minutuetan gauzatutako penalti kornerren bitartez, sendo erantzun dute.
 
"Burua gora, txapelketa ona jokatu dugulako. Arantza sartuta geratzen zara partida honengatik, baina onenak dira, eta barkatzen baduzu, azkenean irabazi egiten dizute. Kanporaketa oso zaila zen. Dena eman dugu, baina edozein partidak kanpoan uzten zaitu, eta ez dago besterik", esan dio Basterrak Tokiora joandako Basque Team taldeko komunikazio taldeari.

"Chefo" Basterraren selekzioak dominak lortzeko borrokan sartu nahi zuen Rioko Jokoetan bosgarren postua eta diploma poltsikoratu eta gero. "Chefo" Basterra, ordea, ez zen hitzordu hartan izan, eta Tokiokoak izan dira bere lehen jokoak. Liga erregularreko goleatzaile nagusia eta Lauko Finaleko jokalaririk baliotsuena izan ostean deitu zuten bertan izateko. Azkenean, Brasilgo emaitza bera errepikatu dute oraingoan ere. Beraz, bizkaitarra olinpiar diplomarekin bueltatutako da etxera munduko kirol ekitaldirik handienetik.

"Asko ikasi dut"
 
"Pozik nago, esperientzia gozatzera etorri naizela uste dut. Zaila da, urte asko daramatzan jendearekin. Modu positiboan baloratzen dut, asko ikasi dut eta esperientzia hau etorkizunean errepikatzea espero dut", adierazi du Basterrak.

David Alegre jokalariak esan duenez, gaurko partidak elitean 20 urte eman dituzten jokalarien belaunaldi baten amaiera ekarri du: "Bada garaia pauso bat alde batera emateko eta besteek esperientzia hartzeko". Etapa berri bat hasiko dela onartu dute, eta Chefo Basterrak horretan zeresan handia izango duela ematen du. Getxokoak 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak ditu orain jomugan.