Itxi

Beste kirolak

Golfa

Rahm ez da sailkatu eta agur esan dio Andaluziako Mastersari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bizkaitarrak ezin izan du irauli lehen jardunaldian izandako emaitza eskasa eta 74 kolperekin amaitu du eguna; txapelketa osoa kontuan izanda, parraren gaindik 10 kolpe eginda.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm. Argazkia: Efe.

Jon Rahm Barrikako jokalaria eta munduko sailkapeneko lehenengoa ez da Andaluziako Masterseko azken txanpa jokatzeko sailkatu. Andaluziako Mastersa Europako zirkuituaren barruan dago eta igandera arte jokatuko da Valderramako zelaian.

Rahmek emaitza txarra lortu zuen osteguneko jardunaldian eta horrek bigarren jardunaldiko bere parte-hartzea baldintzatu du. Orduan parraren gaindik zazpi kolpe egin zituen.

Ostiral honetan ere ez da batere ondo ibili eta bi bogey egin ditu lehen hiru zuloetan. Horrek aukera barik utzi du jokalari bizkaitarra.

Ondorengo zuloetan, bere jokoak hobera egin du, baina aurreko emaitza txarren pisua gehiegi izan da eta 74 kolperekin amaitu du eguna, hiru kolpe parraren gaindik eta, txapelketa osoa kontuan hartuta, 10 kolpe parraren gaindik. Ondorioz, agur esan behar izan dio Andaluziako Mastersari.

Txapelketako liderra Romain Lagasque frantziarra da, parraren azpitik lau kolperekin.