Itxi

Beste kirolak

aurkezpena

Zegama-Aizkorri lasterketaren XXI. edizioa, maiatzaren 29an

EITB MEDIA

Proba hori puntuagarria da Golden Trail World Series 2022rako, eta eitb.eus-en zein ETB1en ikusi ahal izango da.

  • Zegama-Aizkorri lasterketaren XXI. edizioa. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

    Zegama-Aizkorri lasterketaren XXI. edizioa. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Maiatzaren 29an egingo den Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren XXI. edizioaren atarian, arduradunek prentsaurreko bat eman dute Gipuzkoako mendiko proba enblematiko horren xehetasun guztiak aurkezteko eta ezagutarazteko. Proba hori, Gipuzkoako gogorrena, puntuagarria izango da Golden Trail World Series 2022rako, eta aurreko edizioetan bezala, espezialitate horretako atleta onenak erakarriko ditu.

Bi urteko pandemiaren ondoren, Zegama-Aizkorri 2022 formatu tradizionalean eta ohiko egunean itzuliko da. Aratz mendigunean eta Aizkorri mendilerroan barrena egiten den mendi ertaineko ibilbideak Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik garaienetako lau  zeharkatzen ditu: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik (296 m) Otzaurteko gainera (652 m) jotzen da, eta mendate horretatik aurrera mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da ibilbidea, zuhaiztietan –gehienean hariztietan–, harkaitz biziko eremu malkartsuetan eta goi mendietako larreetan barrena. Ibilbide teknikoa da, zailtasun handikoa, eta 5.472 metroko desnibel metatua du, 8 orduko gehieneko denbora, 42,195 kilometroko luzera eta 500 parte-hartzaile guztira.

Zegama-Aizkorri lasterketak beste bi proba izango ditu: alde batetik, Kilometro Bertikalaren VIII. edizioa, maiatzaren 27an Zegaman egingo dena 16:00etatik aurrera; Zegamako plazatik irten eta Iraulen amaituko den proba horrek 3.000 metroko ibilbidea du, 1.015 metroko desnibela eta guztira 200 parte-hartzaile izango ditu. Bestaldetik, XI. Zegama-Aizkorri Junior Trail proba izango dugu. Maiatzaren 29an, goizeko 10:30ean, hasiko da, eta urtez urte gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Junior Trail proba zailtasun ertaineko proba da, 10,4 km ditu guztira, 1.016 metroko desnibela eta 100 parte-hartzaile.

13 kontrol-puntu eta horniduragune

Ibilbidea behar bezala seinaleztatuta egongo da, banderatxoak eta baliza-zintak ondo ikusteko moduan jarrita. Gainera, kilometroko erreferentziak egongo dira ibilbide osoan zehar. Probaren garapenean, antolakundeak 13 kontrol-puntu jarri ditu, eta nahitaezkoa da horietatik pasatzea, arauzko igarotze-kontrolak egiteko. Halaber, 13 horniduragune gehi helmugakoa jarriko dira. Puntu horietan produktu energetikoak eta freskagarriak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei (ura, fruta, barrak eta edari energetikoak, besteak beste).

Lasterketa gehiena edertasun natural handiko inguruneetan egiten da, eta, beraz, guztion betebeharra izango da ingurunea zaintzea, hondakinak kontrol-eremuetatik kanpo botatzea saihestuz. Horretarako, zabor-edukiontziak jarriko dira kontrol postutik 100 metrora gehienez.

Zuzenean, eitb.eus-en, ETB1en eta ETB4n

Lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en streaming bidez eta ETB1en, 8:45etik aurrera. eitb.eus bidez oso-osorik eskainiko da lasterketa, ETB1en, berriz, emanaldiak etena izango du 9:45ean, eta berriro itzuliko da zuzeneko emankizunera ordubete geroago, 10:45ean. Ordubeteko tarte horretan emisoak ETB4ra egingo du paso.

Zegama-Aizkorriko maratoia Sancti-Spiritu inguruan ikusteko aukerak

Lehenengo aukera da autobus bat hartzea eta gainerako ibilbidea oinez egitea. Izan ere, 07:30ean eta 08:00etan autobusa aterako da Zegamako plazatik eta trenaren geralekura igoko da. Gidarien laguntzaz, interesdunak Sancti Spirituraino zuzenean eramango dituen pista hartuko da; Sancti Spiritu inguru hori lasterketaren puntu mitikoa da, eta Supporter Point-a jarriko da bertan. Bideak 6,3 kilometroko luzera du, eta 450 metroko desnibel positiboa.

Bigarren aukera honako hau izango da: Zegamako plazatik abiatu, eta Sancti Spiritura igo oinez, Done Jakue bidea jarraituz, gezi horiz markatuta baitago. Guztira, 6,9 kilometroko igoera da, 661 metroko desnibel positiboarekin.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena