Beste kirolak
GOLFA
Ameriketako Estatu Batuek hamabigarren Presidente Kopa irabazi dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatubatuarrek nazioarteko taldea jarraian azpiratzen duten bederatzigarren aldia da.
-
AEBko taldeko kideak Presidenteen Koparekin. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) taldeak bere historiako hamabigarren Presidenteen Kopa golf txapelketa irabazi du igande honetan, nazioarteko taldeari 17.5 eta 12.5 gailenduta.
Hala, AEBko taldeak bederatzigarren aldiz jarraian bereganatu du bi urtez behin egiten den, eta jokalari estatubatuarrak munduko gainerako herrialdeetako golflarien aurka (Europakoak izan ezik) aritzen diren txapelketa hau. Denetara, hamabi aldiz eskuratu dute estatubatuarrek garaikur hori, behin berdindu eta beste behin nazioarteko taldea gailendu zen.
Txapelketa Charlotteko (Ipar Carolina, AEB) Quail Hollow Clubean jokatu zen, lehendabiziko bi jardunaldiren ostean etxekoak aurretik ziren nabarmen 8-2ko emaitzarekin.
Lehenengo hiru egunetan foursome (bi jokalariz osatutako taldeek bola bakarra jokatzen dute, kolpeak txandakatuz) eta four-ball (jokalari bakoitzak bere bola jokatzen du eta bikote bakoitzaren emaitzarik onena hartzen da kontuan) modalitateko probak jokatu ondoren, igande honetan, banakako hamabi partida erabakigarriak jokatu ziren.
Estatu Batuetako taldea lau puntuko aldearekin heldu zen azken jardunaldira (11-7), eta ez zuen defendatzeko arazorik izan. Jordan Spiethek, Patrick Cantlayk eta Tony Finauk euren partidak irabazi zituzten goizeko txandan eta, Sam Burnsen eta Hideki Matsuyamaren arteko berdinketaren ondoren, Xander Schauffele izan zen, Corey Conners mendean hartuta, etxeko taldeari behin betiko puntua eman ziona.
Nazioarteko taldean Sebastian Muñoz kolonbiarra izan zen onena, 9.5-7.5eko emaitzarekin irabazi baitzion Scottie Scheffler munduko lehen sailkatuari, baina beranduegi zen markagailua iraultzeko.
Banakako hamabi neurketak Estatu Batuen sei garaipenekin, berdinketa batekin eta nazioarteko taldearen bost garaipenekin amaitu ziren.