Itxi

Beste kirolak

EUROPA LIGA

Bidasoa Irunek ezustekoa eman nahi du Fuchas Berlin erraldoiaren aurka

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Alemaniakoak liderrak dira etxeko txapelketan eta aurkari gogorra izango dira Jacobo Cuetararen taldearentzat. Partida zuzenean ikusi ahal izango da ETB4n eta eitb.eus-en, 20:45ean.

  • Bidasoako jokalariak Aguas Santasen aurkako garaipena ospatzen

    Bidasoako jokalariak Aguas Santasen aurkako garaipena ospatzen. Argazkia: EITB Media

Bidasoa konfiantzaz gainezka dago izaten ari den bolada onarekin eta astearte honetan erronka zaila izango du aurrean. Irabaztea ia ezinezkoa dirudien Alemaniako Bundesligako liderra, Fuchse Berlin, izango du aurrean, etxetik kanpo gainera.

Irundarrek azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte, sentsazio onak eta gol zaparrada handiak utzi dituzte bidean, Aguas Santas Milanezza talde portugaldarraren eta Anaitasunaren aurka besteak beste.

Orain erronka handia da, aurrean munduko talderik onenetako bat dagoelako, etxean jokatzen duena eta bere txapelketan liderra dena, Kielen edo Bartzelonari Superglobea irabazi berri dion Magdeburgoren aurretik.

Germaniarrek, Mathias Gidsel izarra, munduko eskubaloiaren fenomeno berria, baja izan arren, beste talentu batzuk dituzte gipuzkoarrei min egiteko, hala nola Marco Kopljar erraldoia (2,10), Paul Drux alemaniarra edo Lasse Anderson Bartzelonako jokalari ohia.

Euskal taldeak ere badu ilusioa pizteko motiborik: taldea indartsu dago, nahiz eta Rodrigo Salinas baja izan. Gainera, uda honetan Europako txapeldun izan diren juniorrak taldetik tiraka ari dira, Julen Mujika, Gorka Nieto edo Eneko Furundarena kasu, zeinak azken partidan, bidasotarren bajek utzitako hutsuneak ezin hobeto bete zituzten.

Rodrigo Salinas baztertuta dago, baina beste jokalari batzuk ere zalantza dira partida honetarako, besteak beste, Ander Ugarte pibotea, Mateus Da Silvak ordezkatu duena. Ziurrenik, Tao Gey ezker muturrekoa ere ez da prest izango, lesionatuta baitago.

Hala ere, Jacobo Cuetarak Victor Rodriguez berreskuratuko du Europako bigarren jardunaldi honetarako.

Norgehiagoka, multzoen fase osoa bezala, zuzenean ikusi ahal izango da ETB4n eta eitb.eus-en. 20:45etik aurrera.