Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Motor Zaporizhia vs Bidasoa Irun zuzenean ikusi ahalko da gaur, eitb.eus-en eta ETB4n, 18:45ean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gipuzkoako taldea Europa Ligako final-zortzirenetarako sailkatuko da, talde ukrainarraren aurka galtzen ez badu.

  • Bidaskoako Dariel Garcia Fuchse Berlinen aurka

    Bidaskoako Dariel Garcia Fuchse Berlinen aurka. Argazkia: EITB MEDIA

Bidasoa Irun Europa Ligako final-zortzirenetarako sailkatuko da, gaur HC Motor Zaporizhia ukrainarraren aurka galtzen ez badu. Azken hori, multzoko azkena den arren, edozein aurkari ezustean harrapatzeko moduko taldea da. Partida zuzenean izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB4n, 18:45etik aurrera.

Multzo bakoitzeko lau taldek egingo dute aurrera hurrengo fasera. Une honetan, Bidasoa multzoko hirugarren tokian dago, zazpi punturekin; bestalde, Aguas Santas Milaneza bosgarrena da, gipuzkoarrek baino hiru puntu gutxiago dituztela. Gainera, bien arteko gol averagea Bidasoaren aldekoa da. Ondorioz, Jacobo Cuetarak zuzentzen dituen mutilek nahikoa dute puntu bakarra lortzearekin hurrengo faserako txartela ziurtatzeko. Hala ere, Gipuzkoako taldea garaipenaren bila aterako da, zenbat eta gorago sailkatu orduan eta aurkari errazagoa aurkituko baitu hurrengo fasean.

Hirugarren toki horri eusteko (Eurofarm Pelister puntu batera dute), seguruenik nahikoa izango dute berdinketarekin; izan ere, mazedoniarrek partida oso zaila jokatu beharko dute Fuchse Alemaniako liderraren kantxan, eta, gainera, gol averagea ere Irungoen aldekoa da.

Gerra dela eta, HC Motor Zaporizhiak Düsseldorfen (Alemania) jokatzen ditu etxean jokatu beharreko partidak. Ukrainatik urrun aritu arren, baina, talde ona dute, eta Bidasoa oso ahul ari da etxetik kanpo (lehiaketa guztiak kontuan izanda, bi partida baino ez ditu irabazi Irundik urrun). Ahalegin berezia egin beharko dute, beraz, ezustekorik izan nahi ez badute.

Joaneko partidan Bidasoak 26-22 irabazi zuen Irunen, Jon Azkuek gidatutako norgehiagoka batean.