Itxi

Beste kirolak

HARRI-JASOTZAILEAK

Mollarrik eta Albizurik "Harri Herri" saioaren finalerako txartela lortu dute

B. L. G. | EITB MEDIA

Emakumezkoen bigarren finalerdian, Mollarri taldeak Ibiur menderatu du; gizonezkoetan, aldiz, Igeldo geratu da finaletik kanpo. Ergobia eta Etxauri izango dituzte arerio, hurrenez hurren.

0:30
Arruti, Gesalaga eta Errekondo

Mollarri eta Albizuri izango dira Ergobiaren eta Etxauriren aurkariak "Harri Herri " saioko finalean. Mollarrik, 16 segundo gehiagorekin ekin dio harri baldarrari eta finalera sailkatzeko altxaldi bakarreko aldearekin garaitu du Ibiur. Gizonezkoen lehian Albizuri izan da garaile, 50 segundo gehiagorekin, Igeldori bi altxaldiko aldea aterata.

Hala, Izeta II.a eta Luis Mari Telleria ibili dira kapitain "Harri Herri" saioaren bigarren finalerdian. Emakumezkoetan, Izeta II.ak, Mollarri taldean, Lur Errekondo izan du koadroaz arduratzeko, Maddi Gesalaga zilindrorako, eta Nerea Arruti bola altxatzeko; Telleriak, Ibiur taldean, Aroa Sanchez, Ainitze Zumeta eta Amalur Arbelaitz harri jasotzaileek osatutako taldea izan du, koadroarekin, zilindroarekin eta bolarekin aritzeko.

Iluntzeko lehen lanak burutzeko arduradunak Errekondo eta Sanchez izan dira. 88 kiloko koadroari heldu diote eta Mollarrikoak 8 aldiz berdindu du harria sorbalda gainean. Aroa Sanchezek, berriz, 6 jasoaldirekin amaitu du Izetak 2 minutu eman dizkion lana. 63 kiloko zilindroarekin aritzeko 3 minutu izan dituzte Maddi Gesalagak eta Ainitze Zumetak. Oraingoan Ibiurrekoa nagusitu da 26 jasoaldirekin, Gesalaga gazteak baino 3 altxaldi gehiago (23). Azkenik 50 kiloko bolari heldu diote Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek. Arrutik erakustaldia eman du 19 jasoaldirekin, parean zuen Arbelaitzek baino 9 gehiago (10).

Izeta kapitain duen taldeak 2:50 minutu bildu ditu guztira Herriri aurre egiteko. Telleriaren gidaritzapekoek, berriz, 2:34 minuturekin heldu diote harri baldarrari. Lur Errekondok eta Ainitze Zumetak izan dute harri baldarrarekin lana osatzeko ardura eta aurreko lanetan bildutako segundoak izan dira gakoa. Errekondok 8 jasoaldi egin ditu, Zumetak, ordea, 7. Hortaz, Mollarik egin du finalerako saltoa eta Ibiurrek agur esan dio "Harri Herri " saioari.

Emakumezkoen bigarren finalerdia amaituta, gizonezkoen taldeen lehia hasi da. Launa harri zituzten bi taldeek azken erronkarako denbora lortu ahal izateko, hain zuzen koadroa, kubikoa, kopa eta bola, eta hauek izan dira harri jasotzaileak: Igeldon, Izeta II.a kapitain lanetan, Iñigo Eizagirre, Gari Garmendia, Claudi eta Iraitz Arruti; eta Albizurin, Luis Mari Telleria talde buru zela, Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoiena, Beñat Telleria eta Andoni Iruretagoiena aritu dira.

Denbora zen Aimar Irigoien ez zela plazaratzen eta 200 kiloko koadroarekin Iñigo Eizagirreren aurrean lehiatuz itzuli da. Gaitasunik galdu ez duela erakutsi du eta 7 aldiz eraman du harria sorbaldara, Eizagirrek 5 jasoaldi egin ditu Telleriak emandako 3 minutuetan. Hodei Iruretagoiena eta Gari Garmendia izan dira 138 kiloko kubikoarekin lehiatu diren gizonak eta lehenak 16 aldiz jaso du bere harri kutuna. Bigarrenak, bestalde, 10 aldiz jaso du. 125 kiloko koparekin Beñat Telleria eta lehen aldiz plazan izan den Claudi Bazga aritu dira lanean. Telleriak 24 aldiz jaso du harria, Bazgak ezin izan du 17 aldiz baino altxa. Azken harri landuari, 100 kiloko bolari, aurre egiteko ardura Andoni Iruretagoienak eta Iraitz Arrutik izan dute. Albizurikoak 11 aldiz berdindu du harria eta Igeldokoak gailendu diren jasoaldi bakarra izan da, izan ere, Arrutik 12 jasoaldi egin ditu.

Albizuri 2:42 minutu bilduta heldu da harri baldarrera. Igeldok 1:58 izan du Harriri aurre egitek. Lehian 200 kiloko koadroarekin aritu diren Irigoien eta Eizagirre. Denbora aurka zuela Eizagirrek 6 aldiz eraman du Zumaiatik Abadiñoko probalekura eramandako harri baldarra. Aimarrek, berriz, 8 aldiz jaso du harri-puska eta Albizuriri finalerako sailkapena bermatu dio.

FITXA TEKNIKOA:

EMAKUMEZKOAK
         
   KOADROA
ZILINDROA
BOLA
DENBORA
         
 MOLLARRI  8  23  19 2:50
 IBIUR  6  26  10 2:34
         
HARRI BALDARRA
         JASOALDIAK
         
MOLLARRI        8
IBIUR        7

Puntuazioa: KOADROA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (4 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).

 

GIZONEZKOAK
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 KOPA 
BOLA 
DENBORA
           
 IGELDO  5  10 17  12 1:58
ALBIZURI  7  16 24  11 2:42
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
IGELDO          6
ALBIZURI          8

 

Puntuazioa: KOADROA (4 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (4 segundo jasoaldiko), KOPA (2 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).