Itxi

Beste kirolak

Ustezko iruzurra

Eskubaloiko zenbait jokalari atxilotu ditu Frantziako Poliziak

Erredakzioa

Atxilotutako jokalarietako bat Nicola Karabatic txapeldun olinpikoa da. Apustuen bidez dirua irabazteko neurketa batean iruzur egitea leporatzen diete atxilotuei.

  • Montpellier eskubaloi taldeko instalazioak. Argazkia: EFE

    Montpellier eskubaloi taldeko instalazioak. Argazkia: EFE

Montpellier eskubaloi taldeko zenbait jokalari atxilotu ditu Frantziako Poliziak gaur Parisen. Apustuen bidez dirua irabazteko neurketa batean iruzur egitea leporatzen diete atxilotuei. Nicola Karabatic txapeldun olinpikoa eta munduko jokalaririk onena atxilotuetako bat da.

Karabaticen anaia, Luka, atxilotu du Poliziak, eta baita Samuel Hanrubia eta Mladen Bojinovic ere. Azken bi jokalari horiek denboraldi hasieran PSGri saldu zizkion Montpellierrek. Era berean, taldeko fisioterapeuta atxilotu dute. Guztira, hamar pertsona atxiki ditu Poliziak.

Atxiloketak partida baten amaieran egin dituzte eta jokalariak Nanterrera eraman dituzte. Orain galdekatu egin behar dituzte, L'Équipe egunkariak jakitera eman duenez. Gainera, kirolarien emazteak edo emaztegaiak galdekatuko ditu Poliziak.

200.000 euro

Gutxienez taldeko zortzi jokalarik, haien emazteak eta emaztegaiak, eta Montpellierreko teknikari batzuek diru kopuru handiak apustu egin zituzten iragan denboraldiko norgehiagoka batean. Apustuarekin ustez 200.000 euroko etekina lortu zuten.

Partida horretan ezohiko apustua atzeman zuen Frantziako apustu erakunde publikoak: 70.000 euro. Normalean ehunka euro apustu egiten dira eskubaloiko neurketetan, horregatik abisua eman zuen erakundeak.

Lehiatzen diren txapelketatan edo partidatan apustu egitea debekatuta dute Frantziako kirolariek, legediaren arabera.