Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bera Bera multzokako fasera sailkatu da, Lublin talde poloniarra itzuliko partidan gaindituta (26-20)

Agentziak | EITB Media

Gipuzkoarrek lau goleko aldea irauli behar zuten final-zortzirenetan sartzeko.

  • Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen. Irudia: EITB Media.

    Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen. Irudia: EITB Media.

Super Amara Bera Bera Europako Ligako final-zortzirenetako fasera sailkatu da, Poloniako MKS Lublin poloniar taldearen aurkako kanporaketa iraulita.

Poloniarrek erasokor hasi dute partida, eta etekina atera diote donostiarren hasierako urduritasunari. Bera Berako jokalariak partidan sartu direnean, arriskua sortzen hasi dira Esther Arrojeria atzelariaren bidez. Arrojeriaren lan onari esker, Bera Bera partidan sartuta egon da denbora guztian.

Lucia Prades atezaina ere, joaneko partidan bezala, bikain aritu da, eta Bera Bera 8-5 jarri da aurretik. Egoera ikusita, poloniarren entrenatzaileak hutsartea eskatu du, 4 goleko errenta arriskuan ikusita.

Etxekoek kanporaketa berdindu dute (10-6) 22. minutuan, poloniarrek joaneko partidan lortutako 4 goleko errenta kontuan hartuta. Momentu horretan, Bera Berak hartu du faborito papera, eta taldeak joko ederra egin du atsedenaldira iritsi arte, Carmen Arroyo nazioarteko jokalariaren lanari esker.

Atsedenaldian, 14-9 izan da aurretik Bera Bera.

Bigarren zatian, baina, Bera Beraren jokoak behera egin du nabarmen, urduri jarri dira eta poloniarrek aurrerapausoa eman dute kantxan eta markagailuan. Orduan, Arrojeriak eta Arroyok erantzukizuna euren gain hartu dute, eta Gipuzkoako taldeak aurrera egin du, defentsako joko zorrotzari esker.

Azken bost minutuetan egindako bi hutsen ondorioz, Lublin taldea berriro gerturatu da markagailuan, baina azkenean garaipenak ez dio ihes egin etxeko taldeari, eta Bera Bera nagusitu da, 26-20. Joaneko partidako emaitza (23-19) kontuan izanda, gipuzkoarrak 45 eta 43 nagusitu dira kanporaketaren emaitza orokorrean.  

Fitxa teknikoa:

26 - Super Amara Bera Bera: Prades eta Kostic (atezainak); Erauskin (3), Arrojeria (8), Tchaptchet, Arroyo (5, 2 penaltiz), Laura Hernández (1), Gavilán (1), Etxeberria (1), Elba Álvarez (5, 1 penaltiz), Ogonovszky, Louis (1), Joao (1), Menéndez, Karsten.

20 - MKS FunFlor Lublin: Mamic, Gawlik eta Wdoniak (atezainak); Nieuwengweg, Rosiak (1), Planeta (1), Balsam (5, 1 penaltiz), Szynkaruk, Pastuszka (2), Posavec (1), Matuszczyk (2), Tomczyky (1), Wieckowska (2), Andruszak (3), Fedenczak (2), Olek.

Markagailua: 2-4, 6-5, 8-6, 9-6, 13-7, 14-9 (atsedenaldia); 15-12, 17-14, 21-14, 24-16, 25-17, 26-20.