Itxi

Beste kirolak

EHF Europa Liga

Bera Berak ezin hobeto hasi du Europa Liga (33-28)

G. P. A. | EITB MEDIA

Donostiako taldeak 33-28 irabazi dio Paris 92 taldeari Gascan, eta, horrenbestez, garaipenarekin hasi du Europa Ligako multzoen fasea. Lehia estua izan da, baina bigarren zatian Bera Bera nabarmen nagusitu da.

  • Super Amara Bera Bera vs Paris 92. EITB Media

    Super Amara Bera Bera vs Paris 92. EITB Media

Super Amara Bera Bera 33-28 gailendu zaio Paris 92 taldeari, EHF Europa Ligako multzoen faseko lehendabiziko partidan, Gascan. Neurketa estua izan da, baina bigarren zatian askoz hobeto jokatu dute Imanol Alvarezek zuzendutako neskek, eta azkenerako nagusi izan dira kantxan.

Bera Bera eta Paris 92 maila handiko taldeak dira, eta lehendabiziko zatia horren erakusgarri izan da. Norgehiagoka oso orekatua izan da. Donostiako taldea nahiko ondo hasi da, eta aurretik jarri da markagailuan, baina momentu txarrak ere igaro ditu.

Atzean hutsegiteak egin ditu, hainbat aldiz jokalari bat gutxiagorekin geratu da eta erasoko jokoan abiadura falta izan zaio. Hala ere, garaiz erreakzionatu du, eta 12-13ko emaitzarekin, bizirik iritsi da atsedenaldira.

Aldagelatik bueltan, Bera Bera hotz sartu da kantxan. Pare bat baloi galdu ditu, eta berehala bi gol egin dizkio Parisek (12-15). Pixkanaka, baina, erritmo gehiagorekin jokatzen hasi dira etxekoak, baloia azkar berreskuratuta eta erasoan min eginda. Horrela, hiruzpalau minutu zoragarritan, emaitza irauli dute, eta aspaldiko partez, aurretik jarri dira markagailuan (19-17).

Tarte batean, Parisek ondo eutsi dio, baina Bera Berako jokalariek gero eta konfiantza handiagoarekin jokatu dute, indartsu eta gogotsu, hasierako zalantzak uxatuta, eta partida bukatzeko 10 minuturen faltan, zuloa ireki dute: 26-21.

Frantziako taldeak presaz jokatu du azken txanpan, eta horrek ez dio lagundu. Gainera, Kostic bikain aritu da, eta geldiketa erabakigarriak egin ditu, Bera Berak errentari eutsi ahal izateko.  

Bost goleko aldearekin iritsi dira azken bi minuetara, eta azkenean ez da ezustekorik izan: Bera Bera 33-28 gailendu zaio Parisi.

Horrela, Donostiako taldeak bikain hasi du bere ibilbidea Europa Ligako multzoen fasean. Hurrengo partida Alemaniako Bensheim-Auerbach taldearen aurka jokatuko du. Datorren larunbatean izango da, 16:00etan, eta norgehiagoka zuzenean ikusi ahalko da ETB4n eta eitb.eus atarian.

FITXA TEKNIKOA

33- Bera Bera: Prades, Kostic (atezainak), Erauskin (2), Menendez, Elba Alvarez (4, 3 penaltiz), Tchaptchet (1), Ogonovszky (4), Karsten (10, 2 penaltiz), Arrojeria (2), Laura Hernandez, Etxeberria (2), Marie Louis (4), Gavilan, Arroyo (2), Rodrigues (2), Joao.

28- Paris 92: Gardienne Placzek, Schapelynck (atezainak); Pina (3), N'Gouan (1), Blonbou (1), Techer, Moretto (2, 1 penaltiz), Thobor (4), Prouvensier (5), Golvet (6), Techer, Kanoute (3), Andon, Cissokho (1), Marqueuses, Fofana (2), Olivier.

Epaileak: Francesco Simone eta Pietro Monitillo (Italia). Tchaptchet, Karsten, Arrojeria, Gavilan eta N'Gouan kanporatu dituzte.