Itxi

Beste kirolak

EHF Europa Liga

Super Amara Bera Berak porrota jaso du HSG Bensheim-Auerbach Flamesen aurka (34-32)

EITB MEDIA

Lehen zatian, donostiarrak nagusitu dira, baina bigarrenean alemaniarren olatua etorri da. Azkenean, gipuzkoarren hutsegite txikiek etxeko taldeari eman diote garaipena.

  • Bensheim-Aurebach vs Bera Bera

    Bensheim-Aurebach vs Bera Bera Argazkia: EITB Media

Super Amara Bera Berak 34-32 galdu du HSG Bensheim-Auerbach Flames taldearen aurka, EHF Europa Ligako multzoen faseko bigarren partidan.

Bi taldeek garaipena lortu zuten lehen jardunaldian. Bera Berak joko bikaina egin zuen Paris 92ren aurka, eta Alemaniako taldeak etxetik kanpo jipoitu zuen Fredrikstad.

Lehen zatiko hasiera parekatua izan da. Donostiarrek argi zuten partida ondo hasi behar zutela, kontzentratuta eta indartsu. Bera Berak ondo ekin dio (3-5), baina HSG Bensheim-Auerbach Flamesek azkar erantzun du, eta 10. minutuan berdinketa jarri dute markagailuan (6-6). Lehen zatiaren erdialdean, baina, 3 goleko abantailarekin aurreratu dira bisitariak, Imanol Alvarezen neskak eroso aritu baitira kantxan.

Gehiago eskatzerik ez zegoen, eta Bera Bera oso sendo zegoen alemaniarrei aurre egiten. Minutuek aurrera egin ahala, bestalde, donostiarrak defentsan oso ongi aritu dira, eta alemaniarrak ezinean aritu dira erasoan.

Horrela, lau goleko aldearekin joan dira atsedenaldira bi taldeak, 14-18.

Bigarren zatian, alemaniarrak erasora jo dute, eta berdinketa eskuratu dute 7. minutuan (21-21).  Bera Bera presaka eta behartuta aritu da bigarren zatiaren hasieran, dinamika aldatuta, eta etxekoak markagailuan aurretik jarri dira (24-22). 10 gol kontran jaso ditu lehenengo hamar minutuetan Alvarezen taldeak, eta asko kostatu zaio baloia berreskuratzea.

Bigarren zatiaren erdia igarota, 4 goleko abantaila zuten etxekoek (28-24). Defentsan estutu behar zuen Bera Berak, alemaniarrak oso eroso baitziren erasoan. Hala ere, partida amaitzeko bost minuturen faltan, Bera Bera, asko sufrituta, gol bakarrera jarri da.

Emozioa ez zen falta kantxan, baina bisitarien hutsegite txikien ondorioz, etxekoak nagusitu dira azkenean, 34-32.   

FITXA TEKNIKOA

34.- HSG Bensheim/ Auerbach: Fehr, Van Beurden (atezainak), Berger (3), Hurst (7), Engel (11), Ehlert (1), Soffel, Agwunedu (2), Friedberger (1 p.), Irion (7, 2 p.), Edita Nukovic, Kretzschmar (2), Ziercke, Polsz, Goldmann.

32.- Super Amara Bera Bera: Prades, Kostic (atezainak); Elba Alvarez (7, 3 p.), Tchaptchet (2), Ogonovszky (2), Elke Karsten (7, 3 p.), Arrojeria (4), Laura Hernandez (3), Menendez, Etxeberria (1), Marie Louis (1), Gavilan (2), Arroyo (1 p.), Rodrigues (2), Joao, Erauskin eta Menendez.

Epaileak: Ruud Geraets eta Paul Geraets (Frantzia).  Kretzschmar (2), Agwunedu, Hurst, Laura Hernandez eta Marie Louis kanporatuak izan dira.

Markagailua (bost minututik bost minutura): 2-3; 6-6; 7-9; 10-13; 12-15; 14-18 (atsedenaldia); 19-21; 24-22; 26-23; 29-26; 32-30; 34-32.