Itxi

Beste kirolak

Surfa

Nadia Erostarbe surfeko munduko zirkuitu garrantzitsuenean lehiatuko da

EITB Media

2024an denboraldi bikaina egin zuen. Hori dela eta, zarauztarrak Munduko Surf Ligaren gonbidapena jaso du WCT zirkuituko Lexus Pipe Pro txapelketan parte hartzeko. Defay baja da eta haren hutsunea beteko du Erostarbek.

1:55
Nadia Erostarbe

Nadia Erostarbek beste aurrerapauso bat eman du bere kirol ibilbidean, Lexus Pipe Pro txapelketan debuta egingo baitu. Proba urtarrilaren 27tik otsailaren 8ra artean egingo da Banzain (Oahu, Hawai). 2025ean World Championship Tour (WCT) munduko surfaren kategoria gorenean egingo den lehen txapelketa izango da.

Hala, bada,  surfaren zirkuitu garrantzitsuenean debuta egingo duen Espainiako Estatuko lehen emakumea izango da Nadia, baita zirkuitu horretan parte hartzen duen Estatuko bigarren surflaria; izan ere, Aritz Aranburu Basque Teameko surfista bakarrik iritsi da maila horretara.

Erostarbek 2024 denboraldian egindako lan bikaina ez da oharkabean pasatu World Surf Leaguearentzat (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak gonbidapena luzatu dio aurtengo lehen hitzordu handian parte har dezan. Nadia Championship Tourrera (CT) sailkatzetik postu batera geratu zen, seigarren izan baitzen Challenger Seriesen sailkapenean, eta horrexegatik ordezkatuko du Defay.

Nadia aitzindaria da berriro eta bidea urratzen ari da. CTn debuta egiten duen Estatuko lehen emakumea izango da. Banzain surfean aritzeko gune arriskutsuenetako bat da.