Beste kirolak
EHF Eusropa Liga
Bera Berak bigarren garaipena lortu du EHF Europa Ligan, Fredikstadi gailenduta (32-26)
EITB MEDIA
Imanol Alvarezen taldea aurkaria baino askoz gehiago izan da multzoen faseko 3. jardunaldiko partidan.
-
Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen. Irudia: EITB Media.
Bera Bera 32 eta 26 gailendu zaio Norvegiako Fredikstad taldeari EHFko Multzoen Faseko hirugarren jardunaldiko norgehiagokan. Gipuzkoako taldeak garaipena lortu zuen lehen jardunaldian, baina bigarrenean, aldiz, galtzaile atera zen.
Kosta egin zaio Donostiako taldeari partidako erritmoa hartzea. Bost minutu itxaron behar izan dituzte Josean Gascako ikusleek etxekoen lehen gola ikusteko. Hala ere, berehala lortu dute aurkariek egindako 3 golak berdintzea.
Pixkanaka-pixkanaka, Novegiako taldea mendean hartzen joan dira. Imanol Alvarezen jokalariak gauzak hobeto egiten hasi dira atzean eta aurrean, eta horrek bere saria izan du. Hiru, lau eta bost goletako aldeak zabaltzen hasi dira, eta zazpi gol ere izan dituzte alde (16-9).
Bera Bera konfiantzaz aritu da, jokoa ondo kontrolatuz, eta horri esker sei goleko aldearekin iritsi dira atsedenaldira (20-14).
Bigarren zatiak lehenengoaren ildo beretik jo du. Donostiarrak nagusi izan dira, nabarmen, jokoaren atal guztietan, lehen minutuetan norvegiarrak 21-17 hurbiltzea lortu duten arren.
Hortik aurrera, Imanol Alvarezen taldeak lehen zatiko bizitasuna eta defentsako lan zorrotza berreskuratu du eta bederatzi gol gora jarri da, bigarren zatiko lan erdietan (28-19).
Norvegiarrak saiatu dira, baina ez dute Bera Bera estutzea lortu. Azkenean, gipuzkoarrak 32 eta 26 gailendu dira.
Fitxa teknikoa
32 - Super Amara Bera Bera: Prades, Kostic (atezainak); Elba Alvarez (1), Tchaptchet (4), Ogonovszky (5), Elke Karsten (6, 2 penaltiz), Arrojeria (4), Laura Hernandez (1), Menendez, Etxeberria (2), Marie Louis (1), Gavilán (1), Arroyo (2, 1 de pen.), Rodrigues, Araujo (2), Erauskin (3) eta Menendez.
26 - Fredrikstad: Jeny Utne, Romer (atezainak); Frida Andersen (4), Blystad (1), Sandtro, Dalsveen (5, 2 penaltiz), Elligsen, Eskerud (1), Henriksen (3), Lauritzen, Jorgensen (5), Solberg (4), Malen Tangen (1) eta Maren Tangen (2).
Epaileak: Tomislav Cindriz eta Roberto Gonzurek (Kroazia). Sandtro (2), Eskerud, Henriksen eta Jorgensen kaleratu dituzte.
Markagailua, bost minuturo: 1-3; 4-5; 7-6; 12-8; 16-10; 20-14- atsedenaldia- 21-17; 24-18; 27-19; 29-21; 31-24; 32-26.