Beste kirolak
Jauzi estratosferikoa
Felix Baumgartner austriarrak historia egin du
Erredakzioa
Felix Baumgartner austriarrak 39.000 metroko altueratik jauzi egin du. Jauziaren aurreneko 40 segundoetan soinu-langa hautsi du (1.173 km/h).
Felix Baumgartner Austriako kirolariak estratosferatik jauzi egin du gaur, 39.000 metroko altueratik, hain zuzen ere. Soinu-langa hausten duen aurreneko gizakia izan nahi zuen. Hautsi nahi zituen lau errekorretatik hiru hautsi ditu.
Bi ordu eta 35 minutuko igoera baten ostean (Roswell, AEB), globo aerostatikoak altuera egokia harrapatu eta Baumgartnerek jauzi egin du.
Jauziaren aurreneko 40 segundoetan soinu-langa hautsi du; izan ere, 1.342 kilometro orduko abiadura harrapatu du tarte horretan.
Baldintza normaletan, atmosferan soinu-langa 1.234 kilometro orduko abiaduran dago, baina estratosferan 1.110 kilometroko orduko abiaduran aurkitzen da, aireak erresistentzia txikiagoa duelako, misioaren arabera.
Jaitsiera kontrolatu eta ginbalet-eran erortzea saihestu du Baumgartnerek. Jauzian zehar konortea galtzeko eta burmuineko odoljarioa izateko arriskua zuen kirolariak.
Jauziak lau minutu eta 20 segundoko iraupena izan du. Jausgailua zabalik egin duen tartea kontuan hartuta, 15 minutuko jauzia izan da.
Misioa prestatzeko bost urte behar izan ditu Austriako kirolariak. Baumgartnerek lau errekor hautsi nahi zituen: laguntza mekanikorik gabe soinu-langa haustea (1.100 kilometro orduko abiadura); jausgailu batekin altuera garaienetik jauzi egitea; jauzi luzeena egitea eta globo batekin punturik urrutienera heltzea.
Hiru errekor
Baumgartnerrek hiru errekor hautsi ditu: soinu-langa haustea, jausgailu batekin altuera garaienetik jauzi egitea eta globo batekin punturik urrutienera heltzea.
Joe Kittingerek 1960an jauzi egin zuen 31.333 metroko altueratik. Orain 84 urte ditu eta Baumgartner lagundu du misio berrian.