Itxi

Beste kirolak

Espainiako Kopa

Bidasoak ezin izan du ezustekoa eman, eta Barçak jokatuko du Kopako finala (35-27)

Agentziak | EITB Media

Alex Mozasen taldeak ondo eutsi dio lehen zatian, baina atsedenalditik bueltan, 17-10eko partziala jaso du, eta hortxe amaitu dira bere aukerak. Bartzelonak Torrelavegaren kontra jokatuko du finala, igandean.

  • Iñaki Cavero. Argazkia: EFE

    Iñaki Cavero. Argazkia: EFE

Bidasoa Irunek 35-27 galdu du Bartzelonaren aurka, Lanzaroten, eta, horrenbestez, Kataluniako taldeak jokatuko du Espainiako Kopako finala, Torrelavegaren kontra. 

Barça indartsu hasi da. Erritmo biziarekin jokatu dute, eta laster jarri dira aurretik markagailuan.  

Alex Mozasek hutsartea eskatu du, Bidasoa erabat gaindituta zegoela ikusita. Bizitasun gehiagorekin jokatzeko eta atzean sendotasun gehiago erakusteko eskatu die bere jokalariei.

Barçak bide beretik jarraitu du, baina Irungo taldea suspertu egin da eta neurketa berdindu du (12-12), erasoan zenbait jokaldi on kateatuta.

Atsedenalditik bueltan, baina, Thimothey N'Guessan eta Richardson bikain aritu dira eta hainbat gol sartu dituzte jarraian. Irundarrak azkeneraino saiatu dira. Iñaki Caverok sei gol egin ditu eta Leo Maciel atezaina partidako jokalaririk ona izendatu dute.

Edonola ere, ahalegin guztiak alperrik izan dira. Bartzelona jaun eta jabe izan da, hasieratik bukaerara, eta norgehiagoka 35-27 amaitu da.

Bartzelonak Torrelavega izango du aurkari Espainiako Kopako finalean.

FITXA TEKNIKOA

35 - Barça (18+17): Gonzalo Pérez de Vargas (atezaina), Antonio Bazán (-), Pol Valera (-), Jonathan Carlsbogard (-), Dika Mem (4), Emil Nielsen (ordezko atezaina), Aitor Ariño (2), Hampus Wanne (3), Blaz Janc (2), Thimothey N'Guessan (5), Aleix Gómez (2), Domen Makuc (1), Melvin Richardson (7), Luis Diego Da Sousa (5), Petar Cikusa (3), Javier Rodríguez (1).

27 - Bidasoa Irun (17+10): David Failde (ordezko atezaina), Iñaki Cavero (6), Marko Jevtic (1), Mikel Zabala (-), Tao Gey (3), Eneko Furundarena (2), Esteban Salinas (4), Rodrigo Salinas (3), Julen Mujika (4), Theodoro Boskos (2), Matheus da Silva (2), Gorka Nieto (-), Dariel Garcia (-), Pedro Pacheco (-), Asier Nieto (-), Leo Maciel (atezaina).

Markagailua (bost minututik bost minutura): 2-1, 6-4, 10-7, 12-12, 16-13, 18-17 (atsedenaldia); 22-18, 24-20, 27-21, 30-23, 32-25, 35-27.