Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bera Berak, Parisen irabazi ostean, puntu bat behar du EHF Europako Ligako final laurdenetarako sailkatzeko

EITB MEDIA

Datorren igandean, euskal taldeak Bensheim-Auerbach Flamesen aurka jokatuko du Gascan; partida horretan gutxienez puntu bat eskuratuz gero, Donostiako taldea txapelketako final laurdenetan izango da. Paris 92ren kontra jokatutako neurketan, Bera Bera merezita eta argi nagusitu da, 27-33.

  • Anne Erauskinen gol bat, Bera Berak Parisen jokatutako partidan. Argazkia: EITB Media.

    Anne Erauskinen gol bat, Bera Berak Parisen jokatutako partidan. Argazkia: EITB Media.

Super Amara Bera Berak Paris 92 menderatu du, 27-33, igandean, EHF Europako Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldian, Robert Charpentier pabiloian, Parisen, D multzoko partidan. Horrela, euskal taldea bigarren dago multzoko sailkapenean, sei puntu dituela; Bensheim-Auerbach Flamesek Bera Berak baino lau puntu gehiago ditu, eta matematikoki sailkatuta dago, eta Fredrikstadek, alegia, hirugarren postuan dagoen taldeak, lau puntu dauzka. Hortaz, Bera Berak ez dio inori begiratu beharrik azken jardunaldian; Gascan Bensheim-Auerbach Flamesen aurka gutxienez puntu bat eskuratzen badu, ziurtatuta izango du final laurdenetarako sailkatzea.

Parisen, Bera Bera nagusi izan da lehen zatian, eta alde nabarmena lortu du, zazpi golekoa, 10-17, horren amaieran. Imanol Alvarezen taldea ia hasieratik izan da aurretik markagailuan. Euskal taldea sendo aritu da defentsan, eta azkar erasoan, eta, horrenbestez, Paris 92ren ahalegina ezerezean geratu da, Donostiako taldea hobeto jokatzen ari baitzen. Esanguratsua zen atsedenaldiko markagailua, eta Bera Beraren abantailak ondo baino hobeto erakusten zuen jokoan zer gertatzen ari zen.

Bigarren zatian, Bera Berak ezin izan du jokoa hain argi kontrolatu, baina, hala ere, Gipuzkoako taldearen garaipena ez da ezbaian izan. Azken emaitzak, 27-33koak, ezinbestekoa zuten garaipena eman die Imanol Alvarezek zuzentzen dituen jokalariei; Parisen erdietsitako bi puntuek eta Fredrikstadek Flamesen aurka jasandako porrotak ikusita, datorren igandean Bera Berak Gascan Flamesen kontra jokatuko duen norgehiagoka erabakigarria izango da.

Fitxa teknikoa

27 - Paris 92: Gardienne Placzek, Serdarevic (1) (atezainak); Pina (4), Sagna (7, 3 penaltiz), Blonbou (4), Techer, Moretto, Thobor, Prouvensier (2), Golvet (8), Kanoute, Andon, Fofana (1), Lubaki, Olivier, Houze.

33 - Bera Bera:  Kostic, Prades (atezainak), Erauskin (2), Elba Alvarez (1), Tchaptchet, Ogonovszky (4), Karsten (9, 1 penaltiz), Arrojeria (3), Etxeberria (3), Marie Louis (6), Gavilan, Rodrigues (5), Laura Hernandez, Menendez, Arroyo.

Epaileak: Dorian Sirbu eta Victor Serdiuc (Errumania).

Markagailua, bost minututik bost minutura: 1-1; 4-5; 6-9; 7-11; 9-15; 10-17 (atsedenaldia); 13-20; 15-22, 18-25; 22-28; 24-31; 27-33.

Nabarmentzekoa: Giro ona Robert Charpentier pabiloian.