Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bidasoak, hainbat jokalari gazterekin, sendo jokatu du Lisboan, Benficaren aurka (33-30)

EITB MEDIA

Euskal taldeak, horrenbestez, ezin izan du punturik batu EHF Europako Ligako Main Round faseko azken jardunaldian, baina emaitzak ez duk inolako eraginik izan sailkapenean. Alex Mozasek gazte askori eman die konfiantza, eta horiek bikain erantzun dute.

  • Failde eta Ander Garcia Bidasoako atezainak, neurketa amaituta. Argazkia: EITB Media.

    Failde eta Ander Garcia Bidasoako atezainak, neurketa amaituta. Argazkia: EITB Media.

Bidasoa Irunek galdu egin du, 33-30, Benficaren aurka, 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligako Main Round faseko laugarren eta azken jardunaldian, Lisboako 2 da Luz pabiloian, fase horretako 2. multzoan, astearte gauean. Hala, Bidasoak multzoko lehen postuan eman dio amaiera Main Round faseari, eta, ondorioz, final laurdenetarako sailkatuta dago, zuzenean, final zortzirenetako kanporaketa jokatu gabe.

Jokoan zeuden puntuak ez ziren garrantzitsuak; izan ere, Bidasoak bermatuta zuen final laurdenetarako sailkatzea, multzoko lehen sailkatu gisa, eta Benfica final zortzirenetarako sailkatu zegoen. Hori dena kontuan izanik, Alex Mozasek konfiantza eman die taldeko hainbat gazteri, eta horiek oso ondo erantzun dute aurreneko zatian. Kemena erakutsita, defentsan sendo eta erasoan trebe, Irungo taldeak, atsedenaldian, gol bateko abantaila zuen, 13-14 irabazten ari baitzen. Lehen 30 minutuetan, Bidasoak ederki kontrolatu du Lisboako taldea; ilusioa eta talentua mahai gainean jarrita, euskal taldea bikain ari zitzaion aurre egiten bere hainbat jokalarik zuten nazioarteko esperientzia ezari.

Bigarren zatian, Benficak Bidasoak baino gehiago asmatu du, eta garaipena eskuratu du; hori bai, Gipuzkoako taldeak maila ona ematen jarraitu du, bereziki kontuan izanik zenbat gazte izan dituen jokoan. Alex Mozasek berretsi ahal izan du zuzentzen duen taldeak nolako etorkizuna duen. Bidasoak amaierara arte ez du amore eman, eta bukaera ona eman dio Main Round faseari; oraingoz, lehenengo aldiz arituko da Irungo taldea final laurdenetan.

Fitxa teknikoa

33 – Benfica: Capdeville, Palacksis (atezainak); Grigoras (3), Miguel Sanchez Migalllon (1), Rahmel (6, 3 penaltiz), Hedberg, (2) Cavalcanti (1), Valencia (3), Pagliotta, Hanusz (6), Borges, Pereira, Taleski (3), Fabio (4), Ferreira De Carvalho (4).

30 – Bidasoa Irun: Failde, Ander Garcia (atezainak); Alex Raix (2), Wanba (1), Gastaminza (2), Asier Iribar (10, 5 penaltiz), Furundarena (3), Jon Ander Iribar (1), Beraza (1), Matheus da Silva, Jevtic (1), Mikel Zabala (2), Tao Gey-Emparan (1), Julen Mujika (5), Barreto (1).

Epaileak: Ante Mikelic eta Petar Paradina (Kroazia).

Markagailua, bost minutuero: 3-3; 6-4; 7-9; 8-10; 10-13; 13-14 -atsedenaldia- 15-17; 18-20; 23-23; 26-24; 31-27; 33-30.

Nabarmentzekoa: Zale gutxi, baina giro ona, Lisboako 2 da Luz pabiloian.