Beste kirolak
Gizonezkoen 2. finalerdia
Laukarizek jasoaldi batengatik kanporatu du Igeldo "Harri Herri" saioko finalerdian, eta final handian da
EITB MEDIA
Laukarizek, Zelai kapitain, eta Igeldok, Izetak gidatuta, finalerdi oso parekatuta jokatu dute; izan ere, harri baldarraren lehian, jasoaldi bakar batek zehaztu du irabazlea. Hala, Laukariz izango da "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldiko finalean, apirilaren 27an, Etxauri aurkari.
-
Laukariz taldeko kideak. Irudia: EITB Media.
Laukariz taldea "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldiko final handirako sailkatu da, EITBn astelehenean emandako finalerdian Igeldo menderatuta. Laukarizek, Zelai kapitain, eta Igeldok, Izetak gidatuta, finalaurreko oso parekatuta jokatu dute; izan ere, harri baldarraren lehian, jasoaldi bakar batek zehaztu du irabazlea. Hala, Laukariz izango da "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldiko final handian, igandean, hilaren 27an, eta Etxauri izango du aurkari, orduan.
Testuinguru horretan, landutako harriekin, Laukarizek eta Igeldok lehia polita izan dute, emozio handikoa; azkenean, Laukariz gailendu da, baina soilik bi segundoko aldeaz. Hori ekarri du 188 kiloko koadroarekin, 125 kiloko kubikoarekin, 125 kiloko zilindroarekin eta 100 kiloko bolarekin jazotakoak. Laukarizeko Imanol Royok bost aldiz jaso du koadroa, eta Igeldoko Gorka Etxeberriak lau; kubikoarekin, ordea, Igeldoko Xabier Aranburuk, Guztak, 18 jasoaldi egin ditu, Laukarizeko Julen Diazek baino hiru gehiago.
Mikel Lopetegik, Urrak, 15 aldiz jaso du zilindroa, Laukarizentzat, alegia, Igeldoko Beñat Telleriak baino bi aldiz gehiagotan; eta, bolarekin, Laukarizeko Jon Gisasolak 23 jasoaldi egin ditu, Igeldoko Oskar Aguasek baino bat gehiago.
Harri baldarraren lehiari, hortaz, Laukariz lau minutu eta 49 segundo zituela iritsi da, eta Igeldok 4:47 lortu ditu. Parekotasun horrek harri baldarrean ere izan du jarraipena. Imanol Royok eta Urrak, hau da, Zelaik hautatutako harri-jasotzaileek, 25 aldiz jaso dituzte harri baldarra, eta Izetak aukeratutako Gorka Etxeberriak eta Beñat Telleriak, ordea, 24tan. Horrenbestez, Laukarizek bereganatu du apirilaren 27ko finalerako txartela, eta bertan Etxauriren aurka arituko da; emakumezkoen finalean, igandean bertan, Mollarri eta Ibiur arituko dira nor baino nor gehiago.
GIZONEZKOEN BIGARREN FINALERDIA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
IGELDO | 4 | 18 | 13 | 22 | 3:47 (+1:00) |
LAUKARIZ | 5 | 15 | 15 | 23 | 3:49 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
IGELDO | 24 | ||||
LAUKARIZ | 25 |
Puntuazioa: KOADROA (8 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).