Beste kirolak
Finalak
Mollari eta Etxauri, "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldiko txapeldunak
EITB MEDIA
Emakumezkoen finalean, Mollarrik Ibiur menderatu du, 41-35, harri baldarrarekin; gizonezkoen finalean, harri baldarraren lehia erabakigarrian, 28-23 gailendu zaio Laukarizi.


Mollarri taldeak irabazi du "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldia, emakumezkoen txapelketan, eta Etxauri taldeak eskuratu du garaipena gizonezkoen lehian, EITBk igandean emandako finalean Ibiur eta Laukariz menderatuta. Hain zuzen ere, harri baldarraren lehian, Mollarrik 41 jasoaldi lortu ditu eta Ibiurrek 35, eta lehia erabakigarrian, 28-23 gainditu du Etxaurik Laukariz.
Testuinguru horretan, emakumezkoen finalean, Mollarri, Naroa Arruti kapitain, eta Ibiur, Lur Errekondok gidatuta, oso parean ibili dira harri landuekin; Mollarrik 6 segundo gehiago batu ditu azkenean. 100 kiloko koadroarekin, Mollarriko Maddi Gesalagak, bi minutuan, 8 jasoaldi lortu ditu, eta Ibiurreko Aroa Sanchezek, ordea, 7; Ibiurreko Ainitze Zumetak 22 aldiz jaso ditu 62,5 kiloko kubikoa, hiru minutuan, eta Mollarriko Goizeder Abendibarrek, 21 aldiz; Ibiurreko Sara Jimenez de Aberasturik eta Mollarriko Eider Garcia Duranak 25na egin dute 62,5 kiloko zilindroarekin, bi minutuan; 50 kiloko bolari dagokionez, Mollarriko Zihara Zabalak 18 aldiz jaso ditu, eta Ibiurreko Leire Oleak, 17.
Ondorioz, Mollarrik 5 minutu eta 58 segundo izan ditu harri baldarrarekin aritzeko, txapelen bila, eta Ibiurrek 6 segundo gutxiago batu ditu. Naroa Arrutik Maddi Gesalaga eta Durana hautatu ditu, eta Lur Errekondok, aldiz, Ainitze Zumeta eta Sara Jimenez de Aberasturi. Lehia ikusgarria izan da, eta Mollarri gailendu da, 41-35; beraz, azken talde horretako harri-jasotzaileek jantzi dute txapela, "Harri Herri" saioko hirugarren ekitaldian.
EMAKUMEZKOEN FINALA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
IBIUR | 7 | 22 | 25 | 17 | 4:52 (+1:00) |
MOLLARRI | 8 | 21 | 25 | 18 | 4:58 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
IBIUR | 35 | ||||
MOLLARRI | 41 |
Puntuazioa: KOADROA (8 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).
Gizonezkoen finalean, Joseba Ostolazak izan du kapitaina izateko erantzukizuna Etxaurin, eta Zelaik Laukarizen. Ia-ia parean iritsi dira bi taldeak harri baldarraren lehiara; Laukarizek segundo bat gehiago izan du (05:03 eta 05:02). 188 kiloko koadroarekin, Etxauriko Aimar Galarragak 6 jasoaldi egin ditu, eta Laukarizko Imanol Royok 5 ; 125 kiloko kubikoarekin, berdinketa izan da, 16na jasoaldi egin baitituzte Etxauriko Hodei Iruretagoienak eta Laukarizko Julen Diazek; 125 kiloko zilindroarekin ere izan da berdinketa, 24nakoa, Etxauriko Paulo Azpiazuren eta Mikel Lopetegiren artean; 100 kiloko bolaren lehian, Laukarizek abantaila erdietsi du, Jon Gisasolak 17 aldiz jaso baitu, eta Etxauriko Iker Sojok 14 aldiz.
Harri baldarraren lehiarako, Joseba Ostolazak Aimar Galarraga eta Paulo Azpiazu hautatu ditu, eta 28 jasoaldi erdietsi dituzte, Zelaik aukeratutako Imanol Royok eta Urrak baino 5 gehiago. Hala, Etxaurik bereganatu du titulua, gizonezkoen txapelketan.
GIZONEZKOEN FINALA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
ETXAURI | 6 | 16 | 24 | 14 | 4:02 (+1:00) |
LAUKARIZ | 5 | 16 | 24 | 17 | 4:03 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
ETXAURI | 28 | ||||
LAUKARIZ | 23 |
Puntuazioa: KOADROA (8 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).