Beste kirolak
ESKUBALOIA
Bidasoak gol bakarrarengatik galdu du Alemanian, eta Artalekun izango du lauko finalerako sailkatzeko aukera
EITB MEDIA
Alex Mozasen mutilek 28-27 galdu dute Alemaniako Melsungen taldearen kantxan; hartara, kanporaketa bizi-bizirik dela ekingo diote datorren asteartean jokatuko den itzulerako lehiari.
-
Asier Nieto, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media
Irudek Bidasoa-Irun aurrerapauso handia eman du astearte honetan, Europako Ligako azken fasera sailkatu ahal izateko; izan ere, gol bakarreko zuloari egin beharko dio aurre Alemaniako Melsungen taldearen kontra —Bundesligako sailkapenan bigarren dabil— datorren astean, Artalekun. Irungo taldea nagusi izan da lehiako zati handi batean, baina azkenerako apur bat luze egin zaio neurketa (28-27).
Gipuzkoako taldea oso serio hasi da, konplexurik gabe. Salinas anaiek fin ekin diote neurketari, eta etxekoak, ordea, ez dira oso fin aritu atepean. Gauzak bide onetik joan dira lehen zatian.
Gakoa defentsan zegoen, partida honetarako lesionatuta zegoen Kristopans handikote letoniarra falta zen eta, Melsungen ez delako hain indartsua izan eta Bidasoak beti alde batetik edo bestetik golerako bidea aurkitzea lortu izan duelako.
Asier Nieto izan da golari begira bidasotarren helduleku nagusia atsedenaldira arte, markagailuari eusteko, eta Alex Mozas entrenatzaileak ezarritako helburuetako bat lortzeko: Alemaniako taldeak ez zezala ihes egin bolada on baten ostean.
Bigarren zatiaren hasieran 0-6ko partzialari esker aurretik jarri da Gipuzkoako taldea (15-19), defentsa itxi eta Kuban Skrzyniarz fin-fin, atepean.
Hori gutxi ez, eta 0 eta 6ko partzial ikusgarriarekin ekin dio bigarren zatiari Bidasoak, defentsako lan ederra eta, batez ere, Kuban Skrzyniarz atezainaren geldituak oinarritzat hartuta. Hala, etxeko taldeak ia 9 minutu behar izan ditu bigarren zatiko lehen gola erdiesteko, eta, ondorioz, bidasotarrek lau goleko errenta bereganatu dute (15-19, 16-20, 17-21 eta 18-22).
Alabaina, Roberto Garcia Parrondo entrenatzaile espainiarrak gidatzen duen Melsungen taldea atezainik gabe hasi da jokatzen erasoko jokaldietan (zazpi seiren aurka), eta Parrondoren gizonek ondo jakin dute aprobetxatzen abantaila hori, markagailuko aldea gol bakarrera murrizteko, neurketako azken laurdena jokatzeko falta zela.
Une horretan, ordura arte bikain aritu den Bidasoaren beheralditxoa etorri da, eta Melsungen, Erik Balentziaga zarauztarraren gidaritzapean, aurretik jarri da norgehiagokaren azken txanpan. Aitzitik, gol bakarreko aldea baino ez dute erdietsi etxekoek, eta, ondorioz, Bidasoak bere esku dauka kanporaketari buelta emateko aukera, zazpi egun barru Artalekun jokatuko duen partidan. Norgehiagoka EITBn zuzenean jarraitu ahal izango da.
28 - Melsungen: Morawski, Krawczyk, Lichtlein (atezainak); Barrufet (6 pen.), Balenziaga (3), Mandic (1), Moraes (3), Cavalcanti (3), Riecke, Martí Soler, Ignatow, Sipos (2), Svensson (2), Wilfer, Jonsson (5), Kastening (3).
27 - Irudek Bidasoa-Irun: Leo Maciel, Skrzyniarz (atezainak), Furundarena, Esteban Salinas, (5), Julen Mujika (3), Rodrigo Salinas (3), Cavero (3 pen.), Asier Nieto (6), Dariel García (3), Matheus, Gorka Nieto (2), Jevtic, Gey- Emparan, Pedro Pacheco (2), Boskos, Zabala.
Markagailua bost minuturik behin: 2-2; 4-4; 8-6; 9-9; 11-11; 15-13 -atsedenaldia- 15-17; 16-19; 19-22; 23-24; 26-26; 28-27.
Arbitrajea: Bartosz Leszcynski eta Marcin Piechota (Polonia). Cavalcanti, Matheus, Jevtic eta Gey-Emparan kanporatu dituzte bi minutuz.
Gorabeherak: Alemaniano Kassel herriko Rothenbach Halle pabiloian jokatutako Europako Ligako final-laurdenetako joaneko partida, 3.500 bat zaleren aurrean.