Beste kirolak
Atletismoa
Agnes Jebetek emakumeentzako 10k-ko munduko errekorra hautsi du
EITB Media
Kenyako atletak 29 minutu eta 27 segundoko denboran gelditu du kronometroa. Fantaye Belayneh (30:30) eta Senayet Getachew (30:31) etiopiarrek osatu dute podiuma.
-
Agnes Jebet Kenyako bere taldekideekin Argazkia: @OlympicsKe
Agnes Jebet Ngetich kenyarrak 10 kilometroko munduko errekorra hautsi du larunbat honetan, Adizero Road To Records lasterketan (Herzogenaurachen, Alemania) kronometroa 29 minutu eta 27 segundoko denboran geldituta.
Aurreko munduko errekorra bere herrikide Agnes Tirop kenyarrak zuen, 2021eko irailean lasterketa honetan bertan ezarri baitzuen 30:01eko denborarekin. Hilabete geroago, senarrak erail zuen kirolaria.
29:27ko errekor berri honekin, Agnes Jebetek, bakarrik eta erbirik gabe korritu duena, beste plusmarka bat gehitu du bere palmaresean, 2024an Valentziako 10k proban egin zuen 28:46ko denborarekin lasterketa mistoko errekor absolutua ere baduelako.
Fantaye Belayneh (30:30) eta Senayet Getachew (30:31) etiopiarrek osatu dute podiuma Herzogenaurachen.