Itxi

Beste kirolak

EHF Europako Liga

Bidasoak ez du aukerarik izan Melsungenen aurka (22-32), eta EHF Europako Ligatik kanpo gelditu da

EITB MEDIA

Euskal taldeak ondo ekin dio final laurdenetako play-offeko itzuliko partidari, baina Alemaniako taldeak, lehen zatian 0-9ko partziala lortuta, abantaila handia bereganatu du, eta Alex Mozasen taldeak ezin izan du alde hori murriztu.

  • Erik Balenciaga (bost gol egin ditu) eta Eneko Furundarena, elkarrekin, partida amaituta (EITB).

    Erik Balenciaga (bost gol egin ditu) eta Eneko Furundarena, elkarrekin, partida amaituta (EITB).

IRUDEK Bidasoa Irun 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligatik kanpo gelditu da, final laurdenetako play-offean, MT Melsungenen aurka, Artalekun, astearte gauean. Kanporaketako itzuliko partidan, Irunen, Melsungen 22-32 gailendu da, eta horrek, duela astebete joaneko neurketan izandako 28-27koarekin lotuta, txapelketatik at utzi du euskal taldea, eta lauko finalerako txartela eman dio Alemaniako taldeari.

Artaleku guztiz bete da, eta giroa ikusgarria izan da; testuinguru horretan, Bidasoak eta Melsungenek oso parean ekin diote norgehiagokari, aurreneko minutuetan. Lehen zatiaren erdian, 14. minutuan, euskal taldeak bi goleko aldea erdietsi du, 8-6koan, eta ematen zuen Bidasoa, hasierako urduritasuna gaindituta, abantaila handitzeko moduan egon zitekeela, baina partidaren bilakaera erabat bestelakoa izan da; Alemaniako taldea, 0-9ko partziala lotuta, zazpi golez ari zen irabazten, 8-15, bi taldeak atsedenaldira joan direnean.

Ian Barrufetek zazpi gol sartu ditu lehen 30 minutuetan, eta Melsungenen erasoko baliabide nagusia izan da, aurreneko zatian; Adam Morawski talde bisitariko atezaina ere izan da protagonista, geldiketa bikainak egiten ari baitzen, tartean bi penalti jaurtiketatan.

Bidasoak indartsu ekin dio bigarren zatiari, Melsungen ahal beste estutzeko asmoz, eta Irungo taldeak atsedenaldiaren ostean izandako lehenengo bi golak sartu ditu. Bi taldeak zazpi jokalariez ari ziren erasotzen, jokaldi bakoitzean. Alex Mozasen gizonek ahalegin handia egin dute, baina Melsungen gehiago izan da, nabarmen.

Horrenbestez, Bidasoak ez du aukerarik izan. Melsungenek argi izan du kontrolpean markagailua bigarren zatian, hamar bat goleko abantailak izan dituela, eta euskal taldeak EHF Europako Ligan izandako ibilbide ederrak final laurdenetan izan du amaiera, alegia, lauko finaleko atarian; bertan, Bidasoaren aurkariaz gain, Montpellier, Kiel eta Flensburg-Handewitt izango dira.

Fitxa teknikoa

22- IRUDEK Bidasoa Irun: Skrzyniarz, Leo Maciel (atezainak), Esteban Salinas, (4), Julen Mujika (1), Rodrigo Salinas (4, 1 penaltiz), Cavero (3), Asier Nieto (2), Dariel Garcia, Matheus, Gorka Nieto (1), Jevtic, Gey-Emparan (1), Asier Iribar (2), Boskos (4), Furundarena, Zabala.

32 - MT Melsungen: Morawski (1), Lichtlein (atezainak); Barrufet (9, 5 penaltiz), Balenciaga (5), Mandic, Moraes (1), Cavalcanti (1), Kristopans (2), Enderleit (2), Marti Soler, Ignatow (1), Sipos, Svensson, Jonsson (4), Kastening (3), Arnarsson (3).

Epaileak: Karim Gasmi eta Raouf Gasmi (Frantzia).

Marlagailua, bost minutuero: 2-3; 5-5; 8-6; 8-9; 8-11; 8-15 (atsedenaldia); 11-18; 13-23; 15-26; 17-30; 20-30; 22-32.

Nabarmentzekoa: Artaleku bete egin da, 2.000 zaletik gora izan dira harmailetan.