Beste kirolak
Eskubaloia
Bidasoak mendean hartu du Anaitasuna Artalekuko lehia estuan (30-29)
I. G. | EITB MEDIA
Neurketak amaiera polemikoa izan du: Anaitasunak penaltia eskatu du bi segundo bakarrik geratzen zirenean, baina epaileak falta adierazi du.
-
Bidasoa vs Anaitasuna
Bidasoa Irun garaile atera da larunbat honetan Helvetia Anaitasunaren aurkako derbian, Asobal Ligako 27. jardunaldiko partidan, 30-29 irabazita.
Bidasoa sailkapenean ahalik eta posturik gorenen geratzeko borrokan ari da, eta Anaitasunak puntuak behar ditu jaitsiera postuetatik ihes egiteko.
Sailkapenean elkarrengandik oso urrun egon arren, partidako lehen ordu erdia oso parekatua izan da. Bi taldeek bata bestearen atzetik sartu dituzte golak, txandaka, 4-0eko partzialari esker Gipuzkoako taldeak markagailuan ihes egin ahal izan duen arte. Nafarroako taldeak, baina, ez du atzera egin, eta 0-3ko partzial batekin erantzun dio, markagailuan urruntzen ez uzteko. Atzetik joan da lehen zati osoan, desabantaila txiki batekin, eta gol bakarreko aldearekin iritsi da atsedenaldira (14-13).
Bigarren zatian, Anaitasunak aurrerapausoa eman du; markagailua berdindu du eta aurretik ere jarri da. Hala ere, azken 15 minutuek partida erabaki dute. Irungo taldeak ihes egin du berriro, partzial ona eginez, eta azken unera arte eutsi dio, amaierara arte borrokatu den Anaitasunaren aurka (30-29).
Horrela, Bidasoa bigarren jarri da sailkapen nagusian, eta Anaitasunak jaitsierako play-offa jokatzeko postuan jarraitzen du.
Partida amaiera polemikoa
Partidako azken jokaldian, Anaitasuna erasoan ari zela, penaltia eskatu dute, erasotzailea lurrera bota baitute, baina epaileek falta besterik ez dute adierazi.
Fitxa teknikoa:
30 - Irudek Bidasoa Irun: Skrzyniarz, Leo Maciel (atezainak); Esteban Salinas (2), Julen Mujika (5), Rodrigo Salinas (5, 3 pen.), Tito Diaz, Asier Nieto (4), Dariel Garcia (2), Matheus, Gorka Nieto (2, 1 pen.), Jevtic (2), Gey-Emparan (6), Asier Iribar, Boskos (1), Furundarena, Zabala (1).
29 - Helvetia Anaitasuna: Cancio, Santamaria (atezainak); Redondo (1 pen.), Alonso Moreno (6, 5 pen.), Pereiro (2), Aitor Garcia (1), Albizu (5), Ganuza (4), Goñi (3), Xavi Gonzalez (1), Itoiz (2), Kisselev, Castro (1), Elustondo (1), Zungri, Ortiz (2).
Markagailua, bost minututik bost minutura: 4-3; 6-5; 9-6; 11-9; 14-12; 14-13 (atsedenaldia); 18-18; 19-20; 23-23: 24-24; 28-26; 30-29.
Epaileak: Fernanda Espino eta Víctor Navarro. Zungri deskalifikatu dute, txartel gorria aterata. Boskos, Furundarena, Jevtic, Dariel Garcia, Gey-Emparan, Kisselev (2) eta Redondo kanporatu dituzte.