Beste kirolak
Igeriketa
Katie Ledeckyk berea zen munduko errekorra hautsi du estilo libreko 800 metroko proban
Agentziak | EITB Media
Igerilari estatubatuarrak 8 minutu, 4 segundo eta 12 ehunen behar izan ditu proba amaitzeko, eta, horrenbestez, 67 ehunen hobetu du Rioko Olinpiar Jokoetan ezarri zuen errekorra.
-
Katie Ledecky. Artxiboko argazkia: Europa Press
Katie Ledecky igerilari estatubatuarrak berak zeukan munduko errekorra hautsi du estilo libreko 800 metroko proban, Fort Lauderdale hirian (Florida, Ameriketako Estatu Batuak) lehiatu den Tyr Pro Swim Series txapelketan.
Ledeckyk 8 minutu, 4 segundo eta 12 ehunen behar izan ditu proba amaitzeko, eta, horrenbestez, 67 ehunen hobetu du 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan ezarri zuen errekorra.
"Ezin diot utzi irribarre egiteari", adierazi du, pozarren, 28 urteko igerilariak, proba bukatu eta gero.
Horrez gain, asteazkenean, historiako bigarren markarik onena egin zuen 1.500 metroko proban, eta ostegunean, 400 metroko finala irabazi zuen.
Walshek, marka berria tximeleta estiloan
Txapelketa berean, larunbateko jardunaldian, Gretchen Walsh estatubatuarra izan zen protagonista, tximeleta estiloko 100 metroko proban.
Atariko batean, egungo txapeldun olinpikoak marka berria ezarri zuen, 55 segundo eta 9 ehunen eginda, eta finalean 54 segundo eta 60 ehunen behar izan zituen proba amaitzeko. Lehen aldiz egin du emakume batek 55 segundotik beherako marka distantzia horretan.