Beste kirolak
Eskubaloia
Anne Erauskinek kontratua berritu du Bera Berarekin, 2027ra arte
EITB Media
Hegaleko jokalariak bi urtez luzatu du klubarekin duen lotura; hau da, 2026-2027 denboraldia amaitu arte.
-
Anne Erauskin. Argazkia: @BalonmaBeraBera
Anne Erauskinek kontratua berritu du Super Amara Bera Berarekin 2027ra arte. Beraz, gutxienez bi denboraldi gehiagoz izango da Gipuzkoako taldean; hau da, 2026-2027 denboraldi amaierara arte jarraituko du.
Berritu berri duen kontratua betez gero, eskuin hegaleko jokalariak bost denboraldi beteko lituzke Bera Beran. Erauskin "pozik" azaldu da kontratua berritu ostean. "Pozik baino pozago nago. Beste bi urte izango dira nire etxea bihurtu den tokian. Bera Berara etortzea erabaki nuen beti dagoelako titulu guztiak irabazteko borrokan. Iaz hiru tituluak lortu genituen, eta aurten iazkoa berdintzetik gertu gaude. Motibagarria da taldea Europan hazten ikustea, baina hurrunago iristea nahi dut", adierazi du.
2024-2025 denboraldian Bera Berak 43 partida jokatu ditu, eta Erauskinek bakarra galdu du. Orain arte, 73 gol sartu ditu.