Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak lau goleko aldea lortu du Granollersen (30-34), eta ondo bideratu du final-laurdenetako kanporaketa
EITB MEDIA
Imanol Alvarezen taldeak, azken emaitzan, berdindu egin du neurketan zehar izan duen alderik handiena. Larunbatean, Gascan, 18:30ean, itzuliko partida jokatuko dute, eta Bera Bera finalerdietarako txartela eskuratzen ahaleginduko da.
-
Bera Bera 30-34 nagusitu da Granollersen. Argazkia: Super Amara Bera Bera.
Super Amara Bera Berak lau goleko aldea lortu du KH7 BM Granollersen aurka, Kataluniako udalerriko Palau d'Esportsen, 2024-25 denboraldiko Guerreras Iberdrola Ligako titulurako play-offetako final-laurdenetako kanporaketako joaneko partidan, asteazken gauean; kanporaketari hasiera eman dion norgehiagokan, euskal taldea 30-34 nagusitu da, eta, horrenbestez, abantaila hartu du, eta, halaber, aurrerapauso handia eman du itzuliko partidari begira. Hori larunbatean jokatuko dute, hilaren 10ean, 18:30ean, Gascan.
Donostiako taldeak, joaneko partidako azken emaitzan, berdindu egin du neurketan izan duen alderik handiena, alegia, lau goleko abantaila; izan ere, bi aldiz izan da aurretik lau golez: 20-24koan, bigarren zatian, eta 30-34koan, amaieran.
Garaipen hori zenbatuta, Imanol Alvarezen taldeak zortzi partida daramatza irabazita Ligan.