Beste kirolak
Errugbia
Biarritz Olympique mailaz jaitsi dute adiministratiboki, arrazoi ekonomikoengatik
EITB Media
Errugbiaren Erregularizazioko Frantziako Aginteak erabaki du Lapurdiko taldeak, 2024-25 denboraldian Pro D2 mailan, alegia, bigarren mailan jokatuta, hirugarren maila den Nationale 1era jaistea, hurrengo denboraldirako; klubak iragarri du helegitea jarriko duela.
-
Biarritz Olympiquek helegitea jarriko du. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.
Errugbiaren Erregularizazioko Frantziako Aginteak (A2R) Biarritz Olympique Pays Basque mailaz jaitsi du adiministratiboki, arrazoi ekonomikoengatik. A2Rk erabaki du Lapurdiko taldeak, 2024-25 denboraldian Pro D2 mailan, alegia, bigarren mailan jokatuta, hirugarren maila den Nationale 1era jaistea, hurrengo denboraldirako; klubak iragarri du helegitea jarriko duela. Biarritz Olympiqueri, halaber, hiru puntuko zigorra ezarri diote, 2025-26ko txapelketarako.
Ohar ofizialean, Biarritz Olympiquek nabarmendu du asmoa duela "agintariei erabateko laguntza emateko", "behar den beste informazio emanez, eta erakutsiz gure asmo ona, gure kudeaketa zorrotza eta gure zilegitasuna, Pro D2an jokatzeko".
"Izandako zailtasunak gorabehera, jokalariek, langileek eta klubak asko borrokatu zuten, berdegunean, txapelketan dugun postuari eusteko", azpimarratu du Biarritzeko klubak, 2024-25 denboraldiko kirol arloa gogora ekarrita. Biarritz Olympiqueren esanetan, A2R erakundearen erabakiak "ez du zalantzan jarri klubak konpromiso sakona duela bere garapen proiektuarekin, ezta ere egunero jarraipena bermatzeko hainbat eta hainbat lagunek egindako lana: langileen lana, boluntarioek egindakoa, eta bazkideen eta zaleen lana".
"Biarritz Olympique Pays Basquek batuta jarraitzen du, eta nahi dugu erakutsi merezi dugula Pro D2an jarraitzea; datorren denboraldia prestatzeko buru-belarri lanean gabiltza", adierazten du klubak zabaldutako agirian.