Itxi

Beste kirolak

Finalerdia

Bera Berak hiru golez menderatu du Malaga, 27-24, eta itzulikoan finalerako txartela eskuratzen saiatuko da

EITB Media

Imanol Alvarezen taldeak bederatzi goleko aldea ere izan du, bigarren zatian, baina Malaga suspertu egin da azken minutuetan, eta euskal taldeak, amaieran, hiru goleko abantaila erdietsi du.

  • Esther Arrojeria, aurreko beste partida batean. Argazkia: Super Amara Bera Bera.

    Esther Arrojeria, aurreko beste partida batean. Argazkia: Super Amara Bera Bera.

Super Amara Bera Berak hiru goleko aldea lortu du Costa del Sol Malaga taldearen aurka, 2024-25eko denboraldiko Guerreras Iberdrola Ligako titulurako play-offetako finalerdietako kanporaketako joaneko partidan, Gascan, asteazken gauean. Imanol Alvarezen jokalariak 27-24 gailendu zaizkio aurkariari, eta, horrenbestez, abantaila izango duela ekingo dio itzuliko partidari; hori igandean jokatuko dute, Malagan, Jose Luis Perez Canca pabiloian, 12:00etatik aurrera, eta finalerako txartela izango da jokoan.

Bera Berak lehen zatiko azken minutuetan hartu du aurrea markagailuan, eta atsedenaldian hiru golez ari zen nagusitzen, 12-9; bigarren zatian, Gipuzkoako taldeak, zaleek bultzatuta, handitu egin du aldea, eta bederatzi golez ere izan da aurretik, 24-15ekoan eta 25-16koan. Une horretan, Donostiako taldea nabarmen gehiago zen, Malaga baino.

Andaluziako taldea, dena den, norgehiagokako azken minutuetan suspertu egin da, eta hobetu egin du emaitza; izan ere, Bera Berak lortutako hiru goleko alde horrek dena zabalik utzi du, itzuliko partidarako. Hala, emozio handia izango da igande eguerdian, eta finalerako tokia izango dute jokoan Bera Berak eta Malagak.