Beste kirolak
MENDI LASTERKETAK
Elhousine Elazzaoui eta Sara Alonso gailendu dira Zegama-Aizkorri mendi maratoian
G. P. A. | EITB MEDIA
Elhousine Elazzaouik eta Sara Alonsok sekulako lasterketa egin dute, eta lehen aldiz irabazi dute Zegama-Aizkorri proba ezaguna. Malen Osa oñatiarra izan da hirugarrena emakumezkoen proban.


Elhousine Elazzaoui eta Sara Alonso nagusitu dira Zegama-Aizkorri mendi maratoian, biek ala biek indar erakustaldia eginda. Lehen aldiz irabazi dute, gainera, mendi lasterketa entzutetsua.
Lehenengoak 3 ordu, 43 minutu eta 28 segundo behar izan ditu 42 kilometro eta 5.472 metroko desnibela duen ibilbidea osatzeko; bigarrenak, berriz, 4 ordu, 27 minutu eta 25 segundoko marka egin du.
Gizonezkoen proban, korrikalari marokoarra zen faborito nagusietako bat, eta ez du hutsik egin. Hasierako zatian ez da itsutu, indarrak ondo neurtu ditu, eta Andraitzen gora jo du eraso erabakigarria.
Atzean utzi ditu Andreu Blanes (bigarrena) eta Daniel Pattis (hirugarrena), eta, ondoren, aldapa behera, ziztu bizian joan da. Pozarren eta jendea agurtuz sartu da helmugan. Ez da gutxiagorako; izan ere, 2023ko eta 2024ko edizioetan bigarren izan eta gero, azkenik, aurtengoan, lortu du Zegama-Aizkorrin jaun eta jabe izatea, Kilian Jornet handiaren tokia hartuta podiumeko gorengo mailan.

Elhousine Elazzaoui, Zegamako helmugan. Argazkia: EFE
Emakumeen lasterketan, bestalde, atleta donostiarrak lan bikaina egin du, hasieratik helmugaraino joan baita lasterketaren buruan. Bidean, bi eroriko izan ditu, baina ezbehar horiek ez dira eragozpen izan bere lehendabiziko garaipena lortzeko Zegaman.
2022an, bigarren izan zen. Hurrengo urteetan, arazo ezberdinak tarteko, ezin izan zuen parte hartu. Aurtengo edizioan, irabaztea zuen helburu. Sekulako lasterketa egin du, eta lehendabiziko aldiz gailendu zaio bigarren tokian iritsi den Judith Wyder suitzarrari.
Garaipena poltsikoan zuela jakinda, azken kilometroak gozatzen egin ditu, eta azken metroetan esprinta ere egin du. Ametsa beteta, gogotik ospatu du helmugan.
Hirugarrena, berriz, Malen Osa izan da. Korrikalari oñatiarrak ere lasterketa ederra egin du. Ohiko duen moduan, atzetik aurrerakoa egin du. Bere erritmoan hasi du maratoia, eta aurkariak bata bestearen atzetik harrapatu ditu lasterketaren bigarren zatian, hirugarren tokian amaitu arte.
Gizonezkoetan, Paul Ormaetxea korrikalari bizkaitarra izan da lehen euskal herritarra Zegamako helmugan, 13. tokian sartuta.

Sara Alonso, Zegamako helmugan. Argazkia: EFE
ZEGAMA-AIZKORRI 2025