Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bera Berak lehen kolpea jo du Ligako finalean Elxen aurka (28-19), eta garaipen bat behar du txapeldun izateko

EITB MEDIA

Larunbatean, Elxeko Esperanza Lag pabiloian, Bera Berak beste behin menderatuko balu aurkaria, poltsikoratu egingo luke 2024-25 denboraldiko Guerreras Iberdrola Ligako titulua. Finaleko aurreneko partidan, euskal taldea nabarmen gehiago izan da, eta oso merezita gailendu da.

  • Imanol Alvarez eta Bera Berako hainbat jokalari, partidako une batean. Argazkia: EITB Media.

    Imanol Alvarez eta Bera Berako hainbat jokalari, partidako une batean. Argazkia: EITB Media.

Super Amara Bera Berak Atticgo Balonmano Elx menderatu du, 28-19, 2024-25 denboraldiko Guerreras Iberdrola Ligako finaleko lehenengo partidan, Gascan, asteazken gauean, eta, horrenbestez, aurreneko puntua erdietsi du hiru partidatara jokatzen ari diren finalean. Ondorioz, Bera Berak bi aukera ditu Ligako titulua eskuratzeko, lehena larunbatean; izan ere, Alacanteko hiriko Esperanza Lag pabiloian hilaren 31ko 18:00etan hasiko den norgehiagokan Bera Berak berriro ere menderatuko balu Elx, Donostiako taldeak poltsikoratuta izango luke Liga. EITBk partida emango du, zuzenean.

Finaleko lehenengo partidan, Bera Bera nabarmen gehiago izan da, ia hasieratik. Lehen zatiaren amaieran, Donostiako taldea lau golez ari zen gailentzen, 13-9, eta bigarren zatian Bera Berak handitu egin du bere aldeko abantaila. Azken minutuetan, pentsatzeko modukoa izan da Elx saiatzen ari zela ahalik eta energia gutxien xahutzen, kontuan izanda larunbatean beste norgehiagoka erabakigarri bat jokatuko dutela biek. Hain zuzen, Imanol Alvarezen taldeak guztiz bermatuta zuen finaleko lehenengo puntua.

Beraz, larunbatean bertan finala amaitu eta Liga eskuratzen ahaleginduko da Bera Bera; Elxen galduz gero, hori bai, beste aukera bat ere izango luke euskal taldeak, ekainaren 5ean, ostegunez, 19:00etan, berriro ere etxean, Gascan, zaleen aurrean.