Beste kirolak
FINAL-LAURDENAK
Bidasoa Kopako finalerdietan izango da, Torrelavega kanporatu baitu (31-28)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Neurketa luzapenean erabaki da, arauzko denbora 26ko berdinketarekin amaitu baita. Irundarrek Ademar izango dute aurkari larunbateko finalerdian, 19:30etik aurrera, eta partida ETB4n eta eitb.eus-en izango da ikusgai.
-
Bidasoako jokalariak finalerdietarako sailkapena ospatzen. Argazkia: EITB
Irudek Bidasoa Irunek Errege Kopako finalerdietarako txartela lortu du ostiral honetan, Torrelavegaren aurkako final-laurdenetako lehia irabazita. Neurketa luzapenean erabaki da, 26-26ko emaitzarekin bukatu baitira arauzko 60 minutuak. Luzapeneko bigarren zatian, gehiago izan dira etxekoak, eta hiru goleko errentarekin nagusitu dira azkenean (31-28).
Bidasoak nahiko aldrebes ekin dio lehiari; izan ere, 0-4 hasi da galtzen, nahiz eta etxekoek aukera garbiak izan dituzten kantabriarren atea zulatzeko, baina Leonardo Vial Terçariol atezain brasildarra bikain aritu da atepean etxekoen jaurtiketak gelditzeko.
Alex Mozasen mutilak euren jokoa zuzentzen joan dira apurka-apurka, atzealdean intentsitate handiagoa erakutsita, eta gol bakarrera gerturatu dira zenbait aldiz (7-8, 8-9, 9-10). Aitzitik, berdinketa erdiesteko hainbat erasoaldi izan arren, ez dute lortu parekatuta heltzea atsedenaldira, nahiz eta lehen zatiko azken erasoaldia bi jokalari gehiagorekin jokatu duten (9-10).
Atsedenalditik bueltan, berehala orekatu dute markagailua irundarrek (10-10), eta handik bost minutura (35. min), neurketan lehen aldiz, agintzen jarri dira, Asier Nietok kontraerasoan sartutako gol bati esker (13-12).
Hortik aurrera, Bidasoa askoz hobeto aritu da, Artelekun bildutako zaleen bultzada bidelagun zutela, eta markagailuko zuloa handitzen joan da lau golekoa izan arte (17-13 eta 18-14, 41. min). Tarte horretan, kantabriarren entrenatzaileak, Jacobo Cuetara Bidasoaren teknikari ohiak, bi hutsarte eskatu behar izan ditu bata bestearen atzetik, bere taldea zuzentzeko. Eta baita lortu ere, bisitariek partida orekatu baitute lehia amaitzeko 10 minuturen faltan (19-19, 50. min).
Orduan iritsi dira Maciel etxekoen atezainaren minuturik onenak, eta horren oinarrituta, etxekoak agintzen jarri dira berriro (22-19, 53. min). Alde hori kudeatzeko gai izango zirela ematen zuen, baina gol batera jarri da Torrelavega azken minutuan sartzearekin batera (24-23; 59. min). Bidasoak ez du asmatu bere erasoko jokaldiarekin, eta bisitariek ederki baliatu dute izan dituzten 20 segundoak norgehiagoka berriro orekatu eta luzapena behartzeko.
Horrenbestez, bost minutuko bi zati izan dituzte jokatzeko bi taldeek, eta lehenengoan inor ez da gai izan tarterik zabaltzeko (26-26). Azken minutuetan, gehiago izan dira etxekoak, eta ordura arte ia agertu gabe egon den Iñaki Caverok hegaletik sartutako hiru golek Bidasoaren garaipena bideratu dute, finalerdietarako sailkapena lortzeko.
Hartara, Ademar Leon izango du aurkari Bidasoak larunbatean, 19:30etatik aurrera, bigarren finalerdian. Kanporaketa hori ere ETB4n eta eitb.eus-en ikusteko parada egongo da.
Fitxa teknikoa:
31 - Bidasoa-Irun: Leo Maciel,Skrzyniarz (atezainak), Furundarena, Esteban Salinas (4), Rodrigo Salinas (1), Mujika (2), Cavero (4), Asier Nieto (4), Dariel Garcia (1), Matheus, Iribar, Gorka Nieto (10, 5 penaltiz), Zabala, Jevtic (1), Gey-Emparan, Boskos (4), Furundarena.
28 - Bathco Torrelavega: Carlos Calle, Leo Tercariol (atezainak); Marcio Silva (1), Oswaldo Maestro, Colunga (2), Linhares (1), Rubiño, Javi Muñoz (6, 5 penaltiz), Angel Fernandez (2), Juanjo Fernandez (1), Prokop (6), Lombilla, Isi Martinez (8), Jokin Aja (1), Cangiani, Jurkovic.
Epaileak: Andreu Marin eta Ignacio Garcia. Juanjo Fernandez egotzi dute, hirutan kanporatu ostean, eta Esteban Salinas, txartel gorri zuzena erakutsita. Horrez gain, beste jokalari hauek ere bi minutuko zigorrak jaso dituzte: Matheus, Boskos (2), Furundarena, Marcio Silva (2), Prokop eta Lombilla.
Emaitza bost minututik behin: 0-2, 2-5, 5-8, 7-8, 7-9, 9-10 (atsedenaldia), 13-12, 15-13, 19-16, 19-19, 22-19, 24-24. Luzapena: 26-26, 31-28.