Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Carlos Alcarazek irabazi du Roland Garros, Parisen jokatutako finalik luzeenean Jannik Sinner menderatuta

EITB MEDIA

Tenislari espainiarra bost setetan gailendu zaio italiarrari, 4-6, 6-7, 6-4, 7-6 eta 7-6. Partida oso ona izan da, eta bost ordu eta 27 minutuko iraupena izan du. Azkenean, super tie-breakean erabaki da.

3:09
Carlos Alcaraz

Carlos Alcaraz tenislari espainiarrak 2025eko Roland Garros irabazi du, igandean, Parisen jokatzen den txapelketako historiako finalik luzeenean Jannik Sinner italiarra menderatuta. Alcaraz bost setetan gailendu zaio Sinnerri, 4-6, 6-7, 6-4, 7-6 eta 7-6; partida oso ona izan da, bost ordu eta 27 minutuko iraupena izan du, eta, azkenean, super tie-breakean erabaki da. Horrenbestez, bigarren aldiz jarraian irabazi du Alcarazek Roland Garros, eta laugarrenez gailendu da Grand Slam batean.

Jannik Sinnerrek hobeto ekin dio finalari Carlos Alcarazek baino, eta lehenengo bi jokoak eskuratu ditu, 6-4 eta 7-6. Tenislari espainiarra ez zebilen erosoegi Philippe-Chatrier pistan, eta italiarrak, indartsu eta konfiantza handiz, abantaila oso ona erdietsi du, eta titulua set batera zuen. Hirugarren setean, Alcaraz suspertu egin da, eta 6-4 gailendu; Pariseko zaleak final bikaina ari ziren ikusten, denboraldiko bigarren Grand Slamen.

Laugarren setean, bederatzigarren jokoan, Sinner 5-3 aurretik zihoala eta Alcarazek sakea zuela, italiarrak partida irabazteko bi aukera izan ditu, baina ez ditu baliatu, eta espainiarrak eskuratu du jokoa; hurrengoa ere poltsikoratu du, eta 5-5ekoa behartu du, dena erabaki gabe zegoela. Espainiarrak 6-5ekoa ere irabazi du, eta Sinnerrek tie-breakera eraman du seta; Alcarazek bereganatu du, eta finala, lau orduren baino gehiagoren buruan, bosgarren setera iritsi da.

2025eko Mosketarien Kopa zein tenislarik altxatuko zuen zehaztu behar zuen setean, Alcaraz 2-0 aurreratu da, 3-1 gerora, 4-2, eta 5-3, alegia, txapelketa irabazteko joko bat gelditzen zitzaion. Sinnnerrek bi joko irabazi ditu jarraian, eta 5-5ekoa jarri du. Italiarrak, joko oso gogorra eskuratuta, bere aldeko 6-5ekoa lortu du, baina espainiarrak, ikusgarria eta oso berdinduta izan den beste joko batean, seinakoa egin du. Hala, finala super tie-breakean erabaki behar zen.

Horretan, Carlos Alcaraz oso nagusi izan da. Ezin hobeto jokatuta, 10-2 gailendu da, eta finaleko hainbat unetan ia ezinezkoa zirudien garaipena lortu du.