Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak 2025-26 denboraldiko EHF Europako Ligan izena eman du
EITB MEDIA
Hala, euskal taldeak, beste behin, Europako mailako bigarren txapelketa handiena jokatuko du. Bera Bera 30. aldiz lehiatuko da nazioarteko txapelketa batean.
-
Bera Bera oso ondo aritu zen, 2024-25 denboraldian, EHF Europako Ligan. Argazkia: EITB Media.
Super Amara Bera Berak 2025-26 denboraldiko EHF Europako Ligan izena eman du, asteartean Donostiako klubak iragarri duenez. Hala, euskal taldea 30. aldiz lehiatuko da nazioarteko txapelketa batean, eta, beste behin, Europako mailako bigarren txapelketa handiena jokatuko du; berriki amaitu den 2024-25 denboraldian, Bera Bera EHF Europako Ligako final laurdenetara iritsi zen, eta kanporaketa horretan Blomberg-Lippe taldeak kanporatu zuen Imanol Alvarezen taldea, penalti jaurtiketetan.
Bera Berak zehaztu duenez, uztailaren 15ean sailkatze faseak zozkatuko dituzte, eta horiek honako data hauetan jokatuko dituzte: lehenengoa, abuztuaren 30ean, eta irailaren 6an; bigarrena, irailaren 27tik urriaren 5era bitartean; eta hirugarrena, alegia, ziurrenik Bera Bera txapelketan sartuko dena, azaroaren 8an eta 9an, eta 15ean eta 16an. Azken kanporaketa horrek multzo faserako sarbidea ematen du, eta hori urtarrilaren 10ean hasi eta otsailaren 21ean amaituko da.
Nolanahi ere, Bera Berak azaldu du nola ez den behin betikoa Gipuzkoako taldea hirugarren sailkatze kanporaketan sartzea lehian; izan ere, hori ez da bermatuko Txapeldunen Ligako gonbidapenak onartu arte eta EHFk serie buruak nola banatzen dituen argitu arte.
2024-25 denboraldian final laurdenetara helduta, Bera Beraren helburua da "aurreko denboraldikoa errepikatzea".