Itxi

Alaves

Puntu banaketa

Bi puntuk ihes egin dute Mendizorrotzatik (2-2)

Agentziak | Erredakzioa

Epailearen eta Alexisen bi akatsek Leganesen berdinketa ekarri dute, arabarrak 2 eta 0 aurretik izan direnean. Alavesek denboraldi honetan lortzen duen lehen berdinketa da.

  • Alexis eta Eraso. Argazkia: Efe.

    Alexis eta Eraso. Argazkia: Efe.

Leganesek puntu bat atera du Mendizorrotzatik azken ordu laurdenean egindako bi golei esker (2-2), arabarrak 2 eta 0 aurreratu ostean.

Alavesen lehen aukera zortzigarren minutuan izan da. Ibaik pase luzea eman dio Munirri eta aurrelariak Cuellar gainditu du, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi eta baliorik gabe utzi du gola.

Minutuek aurrera egin ahala, Abelardoren taldea gero eta hobeto aritu da, Leganesek segurtasun handiz jokatu duen arren. Arabarrek presio handia egin dute erasoan.

Madrildarrek aurretik jartzeko aukera argia izan dute 38. minutuan, El Zharrek buruz egindako errematearekin, Omar Ramosek ezkerretik egindako pasea aprobetxatuta. Pachecok baloia ondo harrapatu du.

Atsedenaldiaren ostean, Munirrek Alavesen lehen gola egin du, John Guidettik emandako paseari esker.

Sei minutu geroago, 52.ean, bigarren gola iritsi da, Alfonso Pedrazak egin du, Cuellar atezainak Guidettiren jaurtiketa urrundu ostean.

Leganesen golak

75. minutuan, epailearen laguntzaileak penaltia adierazteko esan dio epaileari, John Guidettik area barruan baloia eskuarekin aldaratu duela ikusi duelako. Zalantza handiak izan dira jokaldiaren inguruan eta Alaveseko jokalariek protesta egin dute. Gabriel Piresek penaltia jaurti eta sartu du.

Azken minutuetan, Rodrigo Elyri bigarren txartel horia atera dio epaileak eta ondorengo jokaldian, 89. minutuan, Joseba Zalduak Leganesen bigarren gola egin du, Alexisek baloia urruntzerakoan egindako huts galanta aprobetxatuta. Azkenean, 2-2 Mendizorrotzan.

 

Fitxa teknikoa

2 - Alaves: Pacheco; Martín Aguirregabiria, Laguardia, Ely, Alexis; Ibai Gómez, Torres, Pina, Pedraza; Munir (Maripán, 88. min) eta Guidetti (Sobrino, 77. min).

2 - Leganes: Cuéllar; Zaldúa, Siovas (Guerrero, 84. min), Mantovani, Raúl García; Rubén Pérez, Pires; Eraso (Amrabat, 61. min), El Zhar, Omar Ramos (Darko Brasanac, 65. min); eta Beauvue.

Golak: 1-0, 46. min: Munir. 2-0, 52. min: Pedraza. 2-1, 75. min: Pires, penaltiz. 2-2, 89. min: Zaldua.

9. min: Zaldua.