Itxi

Alaves

26. jardunaldia

Laguardiaren burukada batek garaipena eman dio azken unean Alavesi (1-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Atzelariak falta bat aprobetxatu du 90. minutuan baloia buruarekin sare barrura eramateko. Lehen zatian Manu Garciak penalti bat huts egin du.

  • Víctor Laguardia, Manu Garcia eta Rodrigo Ely gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Víctor Laguardia, Manu Garcia eta Rodrigo Ely gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek luzapenera arte itxaron behar izan du jaitsierako postuetatik behin betiko balio duten hiru puntu eskuratzeko. Abelardorenek nagusi izan dira norgehiagokako zatirik gehienetan, baina ez dute golaren bidea aurkitu 90. minutura arte Laguardiaren burukadaren baten bitartez.

Etxekoek askoz arinago irabazi ahal izan dute lehia, baina Oier kanpotarren atezainak lan aparta egin du. Hala, ezin izan dute Levanteren atea zulatu ezta penalti jaurtiketa baten bidez ere, Manu Garciak kanpora jaurti baitu (30 minutuan). Jokaldi horretan, epaileak Chema egotzi du txartel gorri zuzena aterata, Pedrazari area barruan falta argia egin ostean.

Hortik eta lehen zatiaren amaierara heldu arte Levantekoek ondo eutsi diete gasteiztarren ahaleginei.

Bigarrenean, gainera, Muñizen jokalariek aurrera egin dute, eta Alavesen zelaian denbora gehiago ibili dira. Horren lekuko da Ivik urrunetik egindako jaurtiketa arriskutsu batek langan jo duela; alabaina, finean, ez dira golik egiteko gai izan, nahiz eta Borbalan epaileak Munir kaleratu duen 77. minutuan, etxekoen aurrelariari bigarren txartel horia erakutsi ostean.

Orduan iritsi dira etxekoen aukerarik onenak, eta halako batean, Ibai Gomezek ederto erdiratutako falta jaurtiketa batean, Laguardia atzelariak sarera bota du baloia buruarekin.

Fitxa teknikoa:

Alaves 1: Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Rubén Duarte; Ibai, Manu, Tomás Pina, Pedraza (Burgui, 77. min); Munir y Guidetti (Sobrino, 70. min).

Levante 0: Oier; Pedro López, Cabaco, Chema, Luna; Campaña (Rober Pier, 34. min), Lerma, Lukic; Morales, Roger (Boateng, 46. min) e Ivi.

Golak: 1-0, 90. min: Laguardia.

Epailea: Fernandez Borbalan (Andaluziako batzordea).

Bi txartel gorri atera ditu: bata, Levanteko Chemari zuzenean (28. min), Pedrazari egin dion penalti argiarengatik; bestea, Munirri (77. min), bi txartel horien ostean (33. min eta 77. min).

Horrez gain, honako beste txartel hori hauek atera ditu: Pedraza eta Tomas Pina (Alaves); Morales, Rober Pier eta Lerma (Levante).