Itxi

Alaves

Santander Liga

Alavesek Txapeldunen Ligarako postua indartu du

eitb.eus

Orain arte jokoan izan diren 30 puntuetako 20 lortu ditu, 6 partida irabazita; aurreko denboraldiko lehen itzulian eskuratu zituenak baino gehiago.

  • Borja Bastonek Vila-realaren lortutako gola. Foto: EFE

    Borja Bastonek Vila-realaren aurka lortutako gola. Foto: EFE

Vila-real 2-1 menderatu eta gero, Alaves Santander Ligako bigarren postura igo da. Gasteizko taldea indartsu agertu da, eta sailkapeneko lehenengo postuetan dago, orain arte izandako emaitzei esker.

Babazorroen denboraldi hasiera honek ohorezko matrikula merezi du, jokoan izan diren 30 puntuetako 20 lortu baitituzte (6 partida irabazi, 2 berdindu eta 2 galdu). Valentzian Levanteren aurka galdu zuenetik, hiru partida jarraian irabazi ditu Alavesek, Mendizorrotzan Julen Lopeteguiren Real Madrilen aurkako eskuratutakoa tartean.

Abelardok eta bere jokalariek joko irmoa erakutsi dute aurkari guztien aurka. Lehen postua puntu bakarrera du Alavesek, eta Ligako aurreneko postuetan jarraitzeko merituak egin ditu.

Ligan orain arte jokatu diren 10 partidetan, gainera, 9 gol bakarrik jaso ditu Arabako taldeak, Fernando Pacheco atezainak (26 urte) eta taldekideek defentsan ere erakutsitako maila onari esker.

Zelairatzen den bakoitzean eta epaileak partida bukatutzat eman arte erakusten duen grina ere nabarmentzeko modukoa da, eta Alavesek 4 gol lortu ditu azken minutuetan. Sailkapenean dituen 20 puntuetako 7 partidaren amaieran eskuratu ditu, eta oso talde trebea bihurtu da luzapenean.

Alavesek aurreko denboraldiko hamargarren jardunaldian baino 17 puntu gehiago ditu jada, eta, gainera, egun dituen 20 puntuak aurreko denboraldiko lehen itzuli osoan eskuratu zituenak baino gehiago dira.

Sailkapena:

1. Bartzelona (21 puntu)

2. Alaves (20 puntu)

3. Sevilla (19 puntu)

4. Atletico (19 puntu)

5. Espanyol (18 puntu)

6. Valladolid (16 puntu)