Itxi

Alaves

Butarquen, 21:00ETAN

Alavesek lider gisa egin nahi du lo gaur, Leganesi irabazita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babazorroen aldetik, Rodrigo Elyk eta Tomas Pinak lesionatuta jarraitzen dute; aitzitik, Pacheco atezaina prest dago, azken bi norgehiagoketan jokatu ezinik egon ostean.

  • Manu Garcia Alavasekin sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Manu Garcia Alavasekin sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek Leganesi egingo dio bisita gaur (21:00), hamahirugarren jardunaldiari hasiera emango dion lehian, Santander Ligako lider gisa oheratu eta aurtengo txapelketako ezusteko handienetako bat izaten jarraitzeko asmoz.

Abelardo Fernandezek zuzentzen duen taldeak 23 puntu erdietsi ditu dagoeneko, hots, Bartzelona liderretik puntu bakarrera dago; izan ere, Mendizorrotzan erakusten ari den sendotasunaz gain, etxetik kanpo ere emaitza onak ari da lortzen talde arabarra; hiru garaipen lortu ditu dagoeneko. Zenbaki horien ondorioz, Txapeldunen Ligako postuetan dago Gasteizko taldea.

Babazorroen artean, Rodrigo Elyk eta Tomas Pinak lesionatuta jarraitzen dute; Pacheco atezaina, berriz, prest dago, azken bi partidak jokatu ezinik igaro ondoren. Alaveseko jokalariak selekzioen partidak direla eta egindako geldialdia probestu du osatu eta sasoia berreskuratzeko.

Haatik, Mauricio Pellegrino Leganes taldeko teknikari argentinarrak arazoak izango ditu bere atezain titularra zelairatzeko. Izan ere, Cuellar lesionatuta dago, eta, ondorioz, Alaveseko entrenatzaile ohiak Real Madrilek Leganesi utzi dion Lunin ukrainarraren aldeko apustua egin beharko du.

Halaber, madrildarrak Szymanowski eta Ezquiel Muñoz noiz itzuliko zain daude oraindik, eta horiei Michael Santos gehitu zaie, min hartuta baitago. Bustinza, aldiz, jokatzeko moduan egongo da.

Leganesek bi berdinketa lortu ditu jokatutako azken bi partidetan, horietako bat Atletico Madrilen aurka, baina puntuak hirunaka batzeko beharra dauka jaitsiera postuetatik ateratzeko bidean.

Fitxa teknikoa:

Balizko hamaikakoak:

Leganes: Lunin, Juanfran, Tarin, Siovas, Jonathan Silva, Ruben Perez, Recio, El Zhar, Oscar Rodriguez, Eraso eta Carrillo.

Alaves: Pacheco, Martin Aguirregabiria, Laguardia, Ximo Navarro, Ruben Duarte, Ibai Gomez, Brasanac, Manu Garcia, Jony, Borja Baston edo Wakaso eta Calleri.

Epailea: Javier Alberola Rojas.

Futbol-zelaia: Butarque.

Ordua: 21:00.