Itxi

Alaves

Mendizorrotza, 18:30

Alavesek Celtaren krisialdia aprobetxatu nahi du, Europarako postuetan sendotzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrak seigarrenak dira, 36 punturekin; galiziarrek, aldiz, 24 puntu dituzte, eta 17. tokian daude sailkatuta.

  • Jony, lehen itzuliko Celtaren aurkako partidan

    Jony, lehen itzuliko Celtaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Celtaren bolada txarra aprobetxatu eta Europarako postuetan sendotzeko asmoarekin zelairatuko da Alaves larunbat honetan Mendizorrotzara, Ligako 25. jardunaldian (18:30).

Gasteiztarrek bigarren itzuliaren hasieran galdutako lehiakortasuna berreskuratu dute. Beherakada hori zenbait jokalariren irteerek eta lesioek eragin zuten. Alabaina, Takashi Inui japoniarraren fitxaketak bizitasuna ekarri dio Abelardoren taldeari, erasoan zein atzealdean. Horrez gain, Jony Rodriguez sendatuta eta jokatzen egoteak ere taldearen maila hazi du.

Hartara, Levanteren (2-0) eta Betisen (1-1) aurka lortutako azken lau puntuek garbi erakutsi dute arabarrak egiten ari diren denboraldia ez dela kasualitate hutsa, eta merezimendu osoz ari dela Europan izateko borrokan.

Norgehiagoka honetarako Abelardo Fernandezek ezin izango du Martin Aguirregabiria harrobiko gaztea erabili, eta litekeena da jokatzeko sistema aldatzea, 4-4-2 eran aritzeko, Jonathan Calleri eta Borja Baston aurrelari gisa jarrita.

Bere aldetik, Celtak bere irudi eta emaitza txarrei buelta emateko helburuarekin ekingo dio neurketari. Hori egin ezean, Miguel Cardoso entrenatzailearen postua arriskuan egon daiteke, hala egon omen baitzen joan zen jardunaldian etxean Levanteren aurka (1-4) galdu ostean.

Beraz, Cardoso bere lanpostua kolokan dagoela helduko da Gasteizera. Bere mesedetan dago Maxi Gomez aurrelaria jokatzeko moduan izango duela, zegokion zigorraldia bete ostean. Haatik, ezin izango du Iago Aspas taldeko jokalaririk onena zelairatu, beste zenbait astez bajan jarraituko duelako.

Aspasen hutsuneak agerian utzi ditu talde galiziarrak dituen gabeziak; izan ere, nahiz eta denboraldiaren hasieran Europan sartzeko borrokatuko zutela uste izan, jaitsiera postuetatik aldentzeko borrokan zeharo murgilduta daude.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco, Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte, Inui, Pina, Wakaso, Jony, Baston eta Calleri.

Celta: Ruben Blanco, Hugo Mallo, Costas, Araujo edo Cabral, Hoedt, Junca, Okay Yokuslu, Lobotka, Brais Mendez, Boufal eta Maxi Gomez.

Epailea: Carlos Del Cerro Grande

Futbol-zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 18:30.