Itxi

Alaves

1-2

Alavesek porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 1-2ko emaitzarekin galdu du Mendizorrotzan. Sergio Ramosek sartu du lehen gola, Lucas Perezek berdindu du neurketa, eta Carvajalen golak eman dio garaipena Real Madrili.

  • Lucas Perez. Argazkia: EFE

    Lucas Perez Alaveseko jokalaria, erremate bat egiten Real Madrilen aurka. Argazkia: EFE

Alavesek galdu egin du Real Madrilen aurka (1-2) Mendizorrotzan jokatu duen Santander Ligako 15. jardunaldiko partida, eta moztu egin zaio garaipenen bolada.

Neurketako zazpigarren minutuan penaltia eskatu dute Alaveseko jokalariek Aleix Vidal area barruan erori ostean, baina epaileak ez du ezer adierazi, eta txartel horia atera dio Arabako taldeko futbolariari. Hiru minutu beranduago, Real Madrilek izan du abagunea, Ximo Navarrok bere aterantz desbideratu duen baloiak zutoina jo ostean. Isco izan da talde bisitariaren aldetik arrisku-jokaldiak sortu dituena, nahiz eta lehen zatia gol aukera gutxikoa izan den.  

Bigarren zatia gaizki hasi da Alavesentzat, Real Madrilek gola sartu baitu 51. minutuan, Sergio Ramosen bitartez (0-1). Jokalari espainiarrak buruz egin duen erremate baten bitartez bidali du baloia sare barrura.

Gola hartu ostean, Alavesek berdinketaren bila jo du, eta ez du asko itxaron behar izan banakoa egiteko; 63. minutuan epaileak Arabako taldearen aldeko penaltia adierazi du Sergio Ramosek Joseluri area barruan egin dion faltagatik, eta Lucas Perezek gola sartu du penalti puntutik (1-1). Pozak, ordea, gutxi iraun dio Alavesi, neurketa berdindu eta zazpi minutu geroago 1-2koa sartu baitu Real Madrilek; Iscok atepean egin duen erremateak zutoina jo du, eta Carvajalek bultzatu du baloia sare barrura.

Partidako azken txanpan, talde gasteiztarrak bi abagune argi izan ditu, baina Lucas Perezen jaurtiketa Real Madrileko defentsaren eta Areola atezainaren artean desbideratu dute, eta Manu Garciaren errematea Areolak gelditu du. Amaieran, Alavesen porrota.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Aguirregabiria, Laguardia, Ximo, Duarte; Aleix Vidal, Wakaso (Manu Garcia, 82. mi), Tomás Pina (Pons, 76. min), Luis Rioja (Burke, 59. min); Lucas Perez eta Joselu.

2 - Real Madril: Areola; Carvajal, Militao, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Modric (Valverde, 79. min), Kroos; Bale (Rodrygo, 66. min), Isco (Mendy, min.90) eta Benzema.

Golak: 0-1, 52. min: Sergio Ramos. 1-1, 65. min: Lucas Perez, penaltiz. 1-2, 69. min: Carvajal.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Vidal (7. min), Pina (45. min), Lucas Perez (65. min) eta Duarte (79. min) Alaveseko jokalariei, baita Modric (32. min) eta Ramos (64. min) Real Madrileko futbolariei.