Itxi

Alaves

1-2

Alavesek porrot mingarria jaso du Vila-realen aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 1-2ko emaitzarekin galdu du Mendizorrotzan, 90. minutuan hartu duen gol baten ondorioz.

  • Alaves vs. Vila-real. Argazkia: EFE

    Alavesek eta Vila-realek Mendizorrotzan jokatu duten partidako irudia. Argazkia: EFE

Alavesek porrota jaso du Vila-realen aurka (1-2) Mendizorrotzan jokatu duen Ligako 21. jardunaldiko partidan. Amaierarako bost minutu falta zirenean jaso du bigarren gola Arabako taldeak.

Bizi hasi da neurketa, bi taldeek erasokor ekin baitiote. Laugarren minutuan, Alavesek gola sartu du Luis Riojaren bitartez, baina pasea eman dion Lucas Perez jokoz kanpo egon da, eta epaileak baliorik gabe utzi du. Sei minutu beranduago etorri da Vila-realen erantzuna, eta Baccak 0-1ekoa sartu du. Albiolek baloi luzea jarri, Alaveseko defentsak kale egin, eta kolonbiarrak ez du barkatu Pacheco atezainaren aurrean.

Gola sartu ostean, Vila-real egin da baloiaren jabe, baina ez da gai izan abaguneak sortzeko. Alavesek ez du baloi-jabetza izan, baina arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura. Aleix Vidalek abagunea izan du 21. minutuan; hala ere, jaurti beharrean pasea eman nahi izan dio Lucas Perezi eta aurrelaria ez da iritsi. Norgehiagokako 30. minutuan, Joseluk gora bidali du area kanpotik egindako jaurtiketa. Atsedenaldira heldu aurretik, Vila-realek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Pacheco atezainak eragotzi du, Triguerosen errematea geldituta. Alavesek ere izan du berdinketa lortzeko abagunea; Asenjo atezainak, ordea, erantzun bikaina eman dio Aleix Vidalen jaurtiketari.

Bigarren zatiaren hasierari erasokor ekin dio Alavesek, eta abagunea izan du 57. minutuan Aleix Vidalen bitartez, baina Asenjok aurpegiarekin desbideratu du baloia Arabako taldeko jokalariaren aurrean. Hiru minutu beranduago, Manu Garciak buruz egin duen errematea desbideratu du Asenjok, berriro gola eragotziz. Erotu egin da partida, eta Vila-realek ere erantzun du 61. minutuan; Pachecok, erantzun bikaina eman dio Chukwuezeren jaurtiketari.

Partidako azken 25 minutuetan nagusi izan da Alaves. Asier Garitanok zuzentzen duen taldeak erasora jo du berdinketaren bila. Ekinean ibili da Alaves, eta gola sartzeko aukera argiak sortu ez dituen arren, arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura. Arabako taldearen ekinak saria jaso du, 80. minutuan Joseluk sartu duen golarekin; Laguardiak pase luzea eman du, Joseluk buruz ukitu, Lucas Perezek area barrura pasea eman, eta Joseluk banakoa (1-1) sartu du.

Alavesek berdinketaren gola sartu ostean, ematen zuen neurketa berdinduta amaituko zela, baina Vila-realek gola sartu du 90. minutuan, Fernando Niñoren bitartez (1-2); Triguerosek pase bikaina eman, eta Niñok sare barrura bidali du errematea. Luzapenean saiatu da Alaves neurketa berdintzen, baina ez du aukerarik izan, eta Alavesek porrota jaso du.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Aguirregabiria (Burke, 91. min), Laguardia, Ely, Duarte; Aleix Vidal (Burgui, 73. min), Camarasa, Manu García, Luis Rioja (Sainz, 59. min); Lucas Perez eta Joselu.

2 - Vila-real: Asenjo, Mario, Albiol, Funes Mori, Alberto Moreno (Quintilla, 35. min); Iborra, Moi Gomez, Trigueros, Cazorla (Anguissa, 65. min), Chukwueze; eta Bacca (Niño, 88. min).

Golak: 0-1, m.11: Bacca. 1-1, m.80: Joselu. 1-2, m.90: Fer Niño.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Ely (45. min) eta Duarte (83. min) Alaveseko jokalariei, baita Quintilla (70. min) Vila-realeko futbolariari.