Itxi

Alaves

Igandean, 14:00etan

Alavesek eta Athleticek euskal derbia jokatuko dute Mendizorrotzan

Erredakzioa

Arabako taldeak zuri-gorriak hartuko ditu igande honetan, 14:00etan.

  • Yuri Berchiche eta Aleix Vidal. Argazkia: EFE

    Yuri Berchiche eta Aleix Vidal, lehen itzuliko Athletic-Alaves derbian. Argazkia: EFE

Alaves eta Athletic nor baino nor ariko dira igande honetan, 14:00etan, Mendizorrotzan. Azken jardunaldian porrota jasotzetik datoz bi taldeak eta garaipenen boladara bueltatzea dute helburu. Jaitsiera postuetatik aldentzea eta Europarakoetara gerturatzea da arabarren eta bizkaitarren asmoa.

Mallorcaren aurka porrota (1-0) jasotzetik dator Alaves, baina etxean sendo ari da, eta hori baliatu nahi du. Tomas Pinaren eta Roberto atezainaren bajak izango ditu Arabako taldeak. Asier Garitano entrenatzaileak argi du aurrealdea Joselu Matok eta Lucas Perezek osatuko dutela. Erdiko defentsako postura Rodrygo Ely itzuliko da Magallanen ordez, eta Manu Garciak ere hasieratik jokatuko du zelai erdian, Oliver Burke aulkian geratuko delarik.

Athleticek, aldiz, 9 jardunaldi jarraian daramatza Ligan garaipena lortu gabe, eta azken 27 puntuetatik 5 besterik ez ditu eskuratu. Aurreko astean Osasunaren aurka porrota (0-1) jaso zuen Athleticek San Mamesen. Gorritxoen aurkako derbia min hartuta amaitu zuen Asier Villalibrek ezingo du jokatu, ezta lesionatuta dagoen Oscar De Marcosek ere. Bestalde, Dani Garcia eta Muniain hamaikakora itzuliko dira, partida bateko zigorra bete ostean. Unai Lopez ere jokatzeko prest dago, eta hasierako hamaikakoan egoteko aukerak ditu. Aurrealdea, Raul Garciak eta Williamsek osatuko dute.

Ustezko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco; Ximo, Laguardia, Ely, Duarte; Manu Garcia, Fejsa, Camarasa; Vidal, Joselu eta Lucas Perez.

Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia eta Williams.

Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz.

VAR epailea: Adrian Cordero Vega.

Zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 14:00etan.