Itxi

Alaves

Koronabirusagatik

Gasteizen egitekoak diren 5.000 ikusletik gorako kirol ekitaldiak, zalantzan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horien artean daude datozen bi asteetako Alavesen eta Kirolbet Baskoniaren etxeko partidak.

  • Koronabirusaren ondorioak paira ditzaketen Gasteizko kirol-ekitaldiak.

    Koronabirusaren ondorioak paira ditzaketen Gasteizko kirol-ekitaldiak. Argazkia: ETB

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan jakitera eman duenez, datozen bi asteetan Gasteizen egitekoak diren 5.000 ikusletik gorako kirol- eta kultur-ekitaldiak banan-banan aztertuko ditu, eta "kasuan kasu" erabakiko du baimena eman ala ez erabakiko du.

Euste-neurri horrek Alavesen eta Kirolbet Baskoniaren partidei eragingo die, eta Jaurlaritzak Gasteizen, bi astez, koronabirusari aurre egiteko hartu dituen aldi baterako ekintzen parte da.

Hartara, klub babazorroari dagokionez, aipatutako erabaki horrek Asier Garitanoren taldeak martxoaren 21ean, Mendizorrotzan (18:30) jokatuko duen Realaren aurkako euskal derbian izan dezake eragina.

Horrez gain, Dusko Ivanovicen jokalariek Casademont Zaragozaren aurka jokatuko dute egun bat geroago (martxoaren 22an), Buesa Arenan, eta neurketa hori ere Jaurlaritzan erabakiaren eraginpean egon daiteke.

Bestalde, 500 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldien kasuan, bereziki esparru itxietan egingo direnetan, Jaurlaritzak honako gomendio hauek eman ditu: ateetan edo leihatiletan pilaketak saihestea eta, bertaratutakoen artean, metro eta erdiko gutxieneko tartea errazteko neurriak hartzea.

Ondorioz, azken neurri horrek Rpk Araskik martxoaren 21ean Al-Qazeres Extremaduraren aurka Mendizorrotzako kiroldegian jokatuko duen partidan ere eragin zuzena izango du.