Itxi

Alaves

Irteerak

Battaglia, Cordoba, Lejeune, Pellistri eta Peleteirok ez dute Alavesen jarraituko

A. A. | EITB MEDIA

Lehendabiziko laurak euren jatorrizko klubetara itzuliko dira, utzita egon ondoren; erdilari galiziarrak, aldiz, taldea utziko du kontratua amaituta.

  • Gasteizko taldea utziko duten bost jokalarien irudia.

    Gasteizko taldea utziko duten bost jokalarien irudia. Argazkia: @alaves

Alavesek jakitera eman duenez, taldean utzita zeuden Rodrigo Battaglia, Iñigo Cordoba, Florian Lejeune eta Facundo Pellistrik ez dute Gasteizen jarraituko, eta euren jatorrizko klubetara bueltatuko dira, duela egun batzuk Deyversonek egin zuen gisara.

Horrez gain, behin klubarekin zuen kontratua amaituta Jota Peleteirok ere alde egingo duela azaldu du talde babazorroak ohar baten bidez.

Hala, Battaglia Sporting Lisboara itzuliko da; Lejeune, Newcastlera; Pellistri, Manchester Unitedera eta Cordoba, Athleticera. Peleteirok, berriz, iazko udan sinatu zuen denboraldi bateko kontratua amaitu ostean egingo du alde.

"Alavesetik eskerrak eman nahi dizkiegu haien guztien profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik, funtsezkoak izan baitira mailari eusteko helburua lortzeko, eta zorterik onena opa diegu etorkizunean", esan du klubak.

Battaglia argentinarrak postu finkoa izan du Alavesen aurtengo hamaikakoan; izan ere, 35 partida jokatu ditu, eta eta gol bat erdietsi.Hura, baina, ezinbestekoa izan zen Huescari denboraldiko azken txanpan irabazteko.

Lejeunek ere oso parte-hartze nabarmena izan du Gasteizko aulkitik igaro diren teknikarientzat. Frantziarrak 36 partidatan jardun du, eta hark ere gol bat lortu du, baita goleko pase bat eman ere.

Bestalde, Pellistri uruguaitarra neguko merkatuan iritsi zen, eta 12 partida jokatu ditu babazorro gisa.Dena dela, giharretako lesio batek bere errendimendua baldintzatu du

Bere gaitasuna erakutsi ezin izan duen beste bat Cordoba izan da, belauneko lesio bat tarteko. Zazpi neurketatan besterik ezin izan du esku hartu.