Itxi

Alaves

Galdu egin du (4-0)

Alavesek kolpe latza jaso du Betisen aurka

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak 4-0eko emaitzarekin galdu du Benito Villamarinen jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partida.

0
Betis vs Alaves: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Alavesek galdu egin du Betisen aurka (4-0) astearte honetan jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partida. Arabako taldeak jaitsiera postuetan jarraitzen du, 17 punturekin.

Hasieratik amaieraraino nagusitu da Sevillako taldea. Betis erasokor zelairatu da, eta gola sartu du 10. minutuan; Sergio Canalesek hegaletik erdiratu, eta Borja Iglesiasek 1-0ekoa jarri du markagailuan, erremate oso ona eginda.

Etxeko taldearen lehen golaren ostean, Alaves ez da erantzuteko gai izan. Gainera, Betisek izan ditu abagune onenak. Juanmik gola sartzeko aukera argia alferrik galdu du 20. minutuan, baina, zortzi minutu geroago, Canalesek gol ikusgarria sartu du (2-0), area kanpotik jaurtiketa bikaina eginez Pacheco atezaina gaindituta.

Maldan gora jarri zaio neurketa Alavesi, baina Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak ezin izan du abagunerik sortu. Gainera, atsedenaldira iritsi aurretik, Betisen hirugarren gola egin du Borja Iglesiasek (3-0), Miazgaren oparia baliatuta.

Bigarren zatiari ekiteko, aldaketak egin ditu Mendilibarrek: Manu Garcia, Tachi eta Tomas Pina zelairatu ditu, Toni Moya, Escalante eta Jason jokalarien ordez. Aldaketek ez dute eraginik izan. Partida kaskarra jokatu du Alavesek, eta berri txarrak ez ditu taldearen jokoak soilik ekarri; izan ere, 47. minutuan, Ruben Duartek min hartu, eta ezin izan du zelaian jarraitu.

Dena gaizki joan da Arabako taldearentzat, eta Juanmik 4-0ekoa jarri du markagailuan, Sevillako taldearen kontraerasoari amaiera ezin hobea emanda. Neurketa guztiz erabakita geratu da 54. minutuan.

Azken 30 minutuetan, Betisek kontrolpean izan du neurketa. Alaves ez da gai izan abagune argirik sortzeko. Etxeko taldeak eroso jokatu du, beste golen bat sortzeko abaguneak izan ditu, baina partida 4-0eko emaitzarekin amaitu da.

Fitxa teknikoa:

4 - Betis: Claudio Bravo; Bellerin, Pezzella, Edgar, Miranda; Guido (William Carvalho, 71. min), Guardado; Canales (Rodri, 71. min), Fekir (Camarasa, 83. min), Juanmi (Lainez, 83. min); Borja Iglesias (Willian Jose, 71. min).

0 - Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Miazga, Duarte (Javi Lopez, 48. min); Jason (Tachi, 46. min), Toni Moya (Manu Garcia, 46. min), Escalante (Pina, 46. min), Rioja; Joselu (Miguel, 75. min), Edgar.

Golal: 1-0, 10. min: Borja Iglesias. 2-0, 28. min: Canales. 3-0, 41. min: Borja Iglesias. 4-0, 54. min: Juanmi.

Epailea: José Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Edgar (72. min) eta Guardado (81. min) Betiseko jokalariei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena