Itxi

Alaves

Santander Liga

Alavesen garaipena, 99 egun igaro eta gero (2-1)

EITB Media

Babazorroak 11 jardunaldi irabazi gabe egon dira eta gaur Valentziari irabazi diote Mendizorrotzako futbol-zelaian Mamadou Loumen eta Joseluren golekin.

  • Alaves, gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Alaves, gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek Valentzia hartu du Santander Ligako 24. jardunaldian eta hiru puntu oso garrantzitsu erdietsi ditu Mendizorrotzako futbol-zelaian (2-1).

Jose Luis Mendilibarrek pare bat aldaketa egin ditu Alavesen hasierako hamaikakoan Mamadou Loumen bueltarekin batera. Jose Bordalasek, bestalde, talde erdia aldatu du ostegunean Kopako partida San Mamesen jokatu eta gero.

Lehen minutuan Mamadouk berak abagune ona izan du, baina bere jaurtiketa bortitza Mamardashvilik aldaratu egin du modu bikainean.

Erantzuna 9. minutuan heldu da Guedesen jokaldian. Eskuin hegaletik erdialdera sartu eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa Pachecok kornerrera bidali du.

Ondoren lehen gola heldu da. 14. minutuan korner batean Valentziako atezainaren aldaratzean baloia area txikian geratu eta hor Mamadou Loume listo egon da sareetara bidaltzeko (1-0).

Atsedenaldira emaitza horrekin heldu da lehen zati nahiko orekatuan.

Bigarren zatian Bordalasek Hugo Duro, Bryan Gil eta Maxi sartu ditu jokatzera partidaren nondik norakoa aldatu nahian eta Valentziarrek aurrerapausoa eman dute.

62. minutuan jokaldi polemikoan (baloia Jasonen eskuan eman du) Adrian Cordero Vega epaileak penaltia adierazi du VAR sistemaren laguntzarekin eta Guedesek banakoa egin du (1-1).

Hamar minutu beranduago Musahek Escalanterekin talka egin eta oraingoan gasteiztarren aldeko penaltia adierazi du epaileak. Joseluk egin du 2-1ekoa 75. minutuan eta horrela amaitu da neurketa.

FITXA TEKNIKOA

Hamaikakoak

2 - Deportivo Alaves: Pacheco; Tenaglia, Laguardia, Lejeune, Duarte; Jason (Pons, 83'), Pina, Escalante, Loum, Rioja (Edgar, 77); eta Joselu.

1 - Valentzia: Mamardashvili, Thierry (Foulquier, 78'), Diakhaby, Comert (Guillamon, 81'), Lato; Helder Costa (Maxi Gomez, 46'), Ilaix, Soler (Hugo Duro, 46'), Musah, Guedes eta Marcos Andre (Bryan Gil, 46').

Epailea: Adrian Cordero Vega

Futbol-zelaia: Mendizorrotza

Golak

1-0, 14. minutua, Mamadou Loum.

1-1, 62. minutua Guedes (penaltiz).

2-1, 75. minutua, Joselu (penaltiz).

Loum

Loum