Itxi

Alaves

F Liga

Berdinketa Alavesen eta Athleticen arteko euskal derbian (1-1)

EITB Media

Arabako taldeak eta Bizkaikoak bana berdindu dute F Ligako 6. jardunaldiko partidan. Carla eta Azkona izan dira golegileak.

1:00
Alaves - Athletic Club

Alavesek eta Athleticek berdindu egin dute (1-1) larunbat honetan (urriak 22) Ibaian jokatu duten F Ligako 6. jardunaldiko euskal derbian. Arabako taldeak denboraldiko lehen puntua bereganatu du eta Bizkaikoak 4. puntua pilatu du.

Lehen zatia abagune gutxikoa izan da. Alavesek izan du gola sartzeko lehen aukera zazpigarren minutuan, baina Valdezatek aldendu du baloia atepetik Mariasun Quiñones atezainaren huts baten ostean. Athleticen erantzuna hiru minutu beranduago iritsi da Alaveseko atezainak eesbideratu duen Azkonaren jaurtiketaren bidez. Ondorengo minutuetan bi taldeetako bat ere ez da gai izan aurkariaren atera arriskua eramateko, baina 31. minutuan Alavesek gola sartu du Carlak area kanpotik egin duen jaurtiketa bikainari esker (1-0).

Pozak, ordea, ez dio asko iraun Gasteizko taldeari Athleticek neurketa berdintzea lortu baitu 34. minutuan; Azkonak baloia jaso du area barruan eta erremate ona eginda banakoa (1-1) jarri du markagailuan.

Bigarren zatia parekatua eta lehiatua izan da, eta lehenengoaren antzera, gol aukerak ez dira ugariak izan. Athleticek bi saiakera egin ditu Azkonaren bidez, baina jokalari zuri-gorriaren lehen jaurtiketa Larque atezainak gelditu du, eta, bigarrena kanpora joan zaio. Alavesek 77. minutuan izan du abagunea, nahiz eta Aby Manouk ez duen lortu errematea egitea. Ondoren, Camila Saezek egin du saiakera, baina ezin izan du aurkariaren atea zulatu.

Azken minutuetan bi taldeetako batek ere ez du beste gol bat sartzea lortu eta berdinduta amaitu da norgehiagoka (1-1).