Itxi

Alaves

UTZITA

Asier Villalibrek utzita jokatuko du Alavesen denboraldi amaierara arte

EITB MEDIA

Gernikako aurrelariak 5 partidetan parte hartu du Athleticekin denboraldi honetan eta Luis Garcia Plazaren aginduetara jardungo du 2022-2023 denboraldia amaitu arte.

  • Villalibre

    Villalibre Alavesen aurkako denboraldiaurreko partida batean. Artxiboko irudia: EFE

Alavesek eta Athleticek jakitera eman dutenez, Asier Villalibrek utzita jokatuko du Gasteizko taldean denboraldi amaierara arte. Denboraldi honetan gernikarra 5 partidatan zelairatu da Athleticen elastikoarekin, guztira 96 minutu jokatuta.

Athleticek aditzera eman duenez, lagapena amaitzean Alavesek ez du jokalaria erosteko aukerarik izango. Denboraldia amaitzean aurrelaria Bilbora itzuliko da; izan ere, 2025era arte irauten duen kontratu sinatu berria betetzen jarraitu beharko du.

Bizkaitarrak minutu gehiago jokatu asmoz hartuko du Gasteizerako bidea. Han, talde babazorroa lehen mailarako igoeragatik borrokan ari da. Une honetan 4.a da SmartBank Ligan 43 punturekin eta igoera zuzeneko postuak 4 puntura ditu.

Ez da Villalibre Bilbotik urruntzen den lehen aldia izango, izan ere, Athleticeko lehen taldearekin debuta egin zuen urtean, 2016-2017 denboraldian, Numancian amaitu zuen denboraldia. Jagoba Arrasateren esanetara jokatu zituen sei partidetatik bost osorik jokatu zituen. Denboraldi bat geroago, utzita aritu zen Valladoliden eta Lorcan. 2018-2019 denboraldian egin zuen salto lehen taldera, aurreko sasoian Bilbao Athleticen urte bikaina sinatuta: 38 partida jokatu eta 23 gol erdietsi zituen.