Alaves
EA Sports Liga
Luzapenean sartutako gol batek garaipena eman dio Gironari Alavesen aurka (0-1)
L.U. | EITB MEDIA
Jhon Solisek urrezko hiru puntu eman dizkio Gironari Mendizorrotzan, Deportivo Alavesen aurka, luzapenean sartutako golari esker (0-1), Moussa Diarraren huts baten ostean.
-
Deportivo Alaves vs Girona Argazkia: EFE
Alavesek galdu egin du, 0-1, Gironaren aurka, Mendizorrotza futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hemeretzigarren jardunaldian.
Jhon Solisek urrezko hiru puntu eman dizkio Gironari Mendizorrotzan, Deportivo Alavesen aurka, luzapenean sartutako golari esker (0-1), Moussa Diarraren huts baten ostean. Bigarren zatian, Alaves nagusi izan da, eta Tomas Conechnyk norgehiagokako abagune onenak izan dituen arren, Coudeten taldea punturik gabe gelditu da.
Deportivo Alavesen eta Gironaren arteko lehen zatian, hiru jokalari lesionatu dira: Joan Jordan eta Carlos Martin babazorroak eta Miguel Gutierrez bisitaria. Horrez gain, VARak Busquets Ferrer epaileak Gloriosoren alde adierazitako penaltia zuzendu du.
Lehen zatian, abagune askorik izan ez duen norgehiagokako gorabehera handienak izan dira horiek, baina bi taldeek etekina atera ahal izan dute aurkariaren atera iritsi direnean. Tomas Conechnyk izan du Alavesen gol aukera argiena, eta Bryan Gilek gertu izan du gol olinpikoa.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, etxeko taldea Michelek zuzentzen duen taldea baino gehiago izan da. 64.ean, babazorroen aukera argia iritsi da. Carlos Vicentek eskuin aldetik egindako jokaldi baten ostean, baloia bigarren zutoinera bidali du, Conechny bakarrik zegoen lekura, baina argentinarrak kanpora bidali du.
75.ean iritsi da bigarren aukera argia Coudeten taldearentzat. Banakako jokaldi batean, Toni Martinez kanpotik barrurantz etorri da, apur bat behartuta, jaurtiketarako tartea aurkitu duen arte; hala ere, baloia kanpora bidali du.
Partida azken txanpan sartu denean, Cristhian Stuani arratsaldeko jokaldia egiteko zorian izan da, Jesus Owonori presioa eginda. Atezainak gehiegi itxaron du baloia urruntzeko, aurrelariaren gorputzean jo du eta atean sartzetik gertu egon da.
Neurketa berdinduta amaituko zela zirudienean, Moussa Diarraren huts batek Jhon Solisen hankan utzi du baloia, eta kolonbiarrak ez du bakatu baloia sare barrura bidali eta hiru puntuak Gironari emateko (0-1).
Fitxa teknikoa
0 - Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez (Villalibre, 90. min); Antonio Blanco, Joan Jordan (Guevara, 30. min), Carlos Vicente, Carlos Martin (Conechny, 30. min), Guridi eta Kike Garcia (Toni Martinez, 72. min).
1 - Girona: Gazzaniga; Arnau Martinez, David Lopez, Krejci, Blind; Bryan Gil (Solis, 77. min), Ivan Martin (Romeu, 46. min), Van de Beek (Tsygankov, 70. min), Miguel (Danjuma, 33. min); Herrera; Abel Ruiz (Stuani, 70. min).
Golak: 0-1, 91. min: Solis.
Epailea: Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Jon Guridi (55. min) Alaveseko jokalariari eta Danjuma (35. min), Herrera (45. min), Krejci (49. min) eta Stuani (81. min) Gironako jakalariei.